Uztailarekin batera abiatuko da EuskarAbenturaren zazpigarren espedizioa

Egun gutxi barru abiatuko da EuskarAbenturaren zazpigarren espedizioa. Belaunaldi gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko helburua duen egitasmoak lehen pausoak uztailaren 1ean emango ditu Atharratzen, azkenak, berriz, 31an, Getxon. Donostiara uztailaren 22an iritsiko dira, hurrengo eguna bertan igaro ondoren, uztailaren 24an Zarautz aldera abiatuko dira. Horrela, euskara oinarri izango duten harreman berriak eraikitzen lagundu nahi du espedizioak, pausoz pauso, Euskal Herria alderik alde gurutzatzen eta txoko zein eduki berriak ezagutzen dituzten bitartean.
Guztira 126 gaztek parte hartuko dute aurtengo abenturan, errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak askotarikoak dira. Kamiseta laranja jarriko dutenen artean 26 gipuzkoarrak dira, 43 bizkaitarrak, 24 nafarak, hamahiru arabarrak, hamahiru lapurtarrak, bost baxe nafarrak eta bi zuberotarrak. Aurten ez da diasporako kiderik izango, eta Ipar Euskal Herriko kideen parte hartze handiena da aurtengoa: hogei. Partaideen gehienak emakumeak dira, zehazki, 77, eta gizonezkoak, 49. Gazteekin batera, 28 lagunek osatutako lantalde urdina era joango da espedizioan, koordinatzaile, xerpa, mediku, erizain, gidari, argazkilari, kameralari eta komunikazio arduradunak osatua.
Primeran plataformak EuskarAbenturarekin elkarlanean, lau saio ekoitziko ditu, bizipen hori partekatzeko espediziotik kanpo dauden gazteekin eta euskaldunen sareak elikatzen jarraitzeko asmoz. Lehen bi saioak uztailaren 10ean eta 24an estreinatuko dituzte, jarduera martxan den bitartean; gainerako biak, aldiz, amaituta dagoela, abuztuan eta irailean, hurrenez hurren.
Babesleek ekarpen ekonomikoari esker, partehartzeak ez du inolako kosturik gazteentzat. Aurten, Iruñeako Udala eta Irizar enpresa batu zaizkie aurreko urteetako babesleei.