Zorioneko debutarena

‘VINGT DIEUX’
Zuzendaria: Louise Courvoisier · Urtea: 2024 · Herrialdea: Frantzia
Zinemagintza garaikidearen eta landa eremuaren arteko lotura estuaz mintzatu nintzen orain gutxi, istorio txiki, pertsonal edo gizatiarrak esploratu nahi dituzten zinemagileentzako espazio segurua bilakatu dela aipatu nuenean. Bada, ildo horretatik tiraka eraiki du Louise Courvoisier zinemagile frantziarrak Jura eskualdeko landa gazteriari buruzko bere erretratua: proposamen fresko eta irekia.
Totonek 18 urte ditu, eta denbora gehiena garagardoak edaten eta parrandan ematen du bere lagun taldearekin. Baina errealitateak harrapatu egiten du: aitaren ustekabeko heriotza tarteko, 7 urteko arreba zaindu du eta bizimodua atera beharrean aurkituko du bere burua. Orduan, eskualdeko Comte gaztarik onena egitearen erronkari helduko dio, hari esker nekazaritzako lehiaketan urrezko domina eta 30.000 euro irabaziko dituelakoan.
Eta horrela jarriko du fokua Courvoisierrek nerabezaroan; alta, nerabezaro jakin batean: galera goiztiarra pairatu ostean, behar baino lehenago haztera, zaintzera eta erabakiak hartzera behartuta dauden horienean. Dokufikzioa izatetik gertu samar, interprete ez-profesionalekin errodatu izanak areagotu egiten du eskualdeko horretako lan egiteko modu nagusiaren inguruan egituratutako istorio honen estetika naturalista, eta, era berean, errealista bilakatzen du uneoro aurreikusi daiteken argumentua.
Hain zuzen ere, gai konplexuetan sakontzeko darabilen tratamendua da filmaren bertute nagusia; istorio lazgarria izanik ere, ez duelako inoiz ahazten pertsonaien nerabezaroko indarra, horiek garaiko ikusmirari eta dibertitzeko grinari eutsita ezaugarrituz. Bada, idealizaziotik urrun, mina ere leku positiboa izan daitekeela erakusten du: doluari eta erruari tokia eginaz, noski, baina naturaltasunez, aterabide gisara zaurgarritasunaren onarpena, umorea eta samurtasuna aldarri hartuta.
Eta eskertzekoa da, zineman ere, halako mezuen ugaritzea. Nola azaldu, bestela, soilik konpromisotik, denboratik, pazientziatik, elkartasunetik eta, noski, zaintzatik lor daitekeela emaitzarik sofistikatuen