Arantza Gonzalez donostiarra izendatu dute Ezker Anitza-IUko koordinatzaile nagusi

Ezker Anitza IU-k XI. batzarra egin du gaur Bilbon, eta han izendatu dute Arantza Gonzalez koordinatzaile nagusi. EAE mailako ardura tartekatuko du Gipuzkoako koordinatzaile eta Donostiako Udaleko zinegotzi karguekin. Horrekin batera, 39 lagunek osaturiko zuzendaritza berria onartu dute.
Lehen hitzaldian, Gonzalezek adierazi du harro dagoela “elkarrekin hartuko ditugun erabakien aurpegi ikusgarria izateagatik, ezkerreko erakunde gisa ezaugarritzen gaituena lana, eztabaida eta erabaki kolektiboak direlako”. Gainera, alderdiaren ibilbidea eta lana goraipatu ditu, “proposamen politiko alternatiboak dituelako eta guztion onerako lanean ari den erakunde oso baten konfiantza duelako”.
Bestalde, Gonzalezek nabarmendu du politikan “indibidualismoa modan jarri” denean, Ezker Anitza IU-k “kolektiboa” defendatzen duela, “espazio guztietan politika egiteko gure moduaren elementu eta ardatz nagusi gisa, bai barrura begira, bai kanpora begira”.
Osasun publikoa
Koordinatzaile berriak “osasun publikoaren aldeko ituna” aldarrikatu du, eta horrek “Osakidetzan aldaketa garrantzitsuak egitea dakar, eta pertsonen osasunarekin negozioa egiten dutenen interes pribatuak publikotik ateratzea”. Era berean, hezkuntza publikoa nabarmendu du, ikastetxe pribatu eta itunduen eredua defendatzen dutenen aurrean; eta erabaki ausartak eskatu ditu, etxebizitza eskubide gisa bermatzeko, eta ez ondasun espekulatibo gisa.