Amets Aranberrik eta Leire Fernandezek irabazi dute III. Txirrita Mendi Lasterketa

Txirrita Mendi Lasterketaren hirugarren edizioa egin zuten atzo, eta Amets Aranberri Otegi eta Leire Fernandez Abete izan ziren irabazleak. Aranberrik bigarrenez irabazi du lasterketa 1:15:30 denborarekin, iaz ere hura izan baitzen garailea. Fernandezek, aldiz, 1:27:29 behar izan zituen lasterketa amaitzeko. Horrez gain, errelebo lasterketako garaileak Ainhoa eta Aitor Larrañaga Jaio (1:33:32) izan ziren.
Dortsal guztiak agortuta, 350 lagunek hartu zuten parte III. Txirrita Mendi Lasterketan. Hamabost bikote eta 320 banakako abiatu ziren 09:30ean Altzako San Martzial plazatik. Aurten, ibilbideko 17 kilometroei ez ezik, hezetasunari eta horrek sortutako giro sargoriari ere egin behar izan zieten aurre korrikalariek.
Emakumezkoetan, Fernandezek 1:27:29an gelditu zuen kronoa. Espainiako Txapelketa irabaztetik datorren errenteriarrak ez zuen areriorik izan, eta lasterketaren errekor berria ezarri zuen (aurreko errekorra Erika Alvarez Aldunzin aresoarrak zuen, 1:32:16rekin). Lesio bat tarteko, aurten azken orduko baja izan da 1 zenbakia soinean eraman behar zuen Alvaren Aldunzin. Bigarren postuan, Rebeca Mariño Torrado elizondoarra geratu zen (1:32:18), eta hirugarren egin zuen Larraitz Etxebeste Lizasok (1:36:48).
Gizonezkoetan, Aranberriren atzetik sailkatu ziren Hodei Lujanbio Apezetxea (1:16:06) eta Ibai Makazaga Aristi (1:16:39). Beraz, gizonezkoetan iazko podiuma errepikatu zen, baita laugarren postua ere, Andoni Uzkiano Solanak 1:17:07 behar izan baitzituen ibilbidea osatzeko (Uzkiano lehenengo altzatarra ere izan zen).
Erreleboetan Ainhoa eta Aitor Larrañaga Jaiok osatutako bikotea izan zen azkarrena (1:33:32), eta atzetik izan zituzten Nerea Ormaetxea Esnaola eta Mattin Intxaurrondo Mujika (1:39:05), eta Aimar Iturbe Perurena eta Aroa Arteaga Cotelo (1:40:03).
Iazko bideari jarraituz, aurten ere bertsoek presentzia nabarmena izan zuten: Andoni Egaña eta Agin Laburu aritu ziren bertsotan, eta hala lasterketak kultura sustatzeko egiten duen apustua berretsi zuen.









































































