Aurtengo Adarra Saria jaso du Antton Valverdek

Musikaren Europako Egunean, larunbatean, jaso zuen Antton Valverdek aurtengo Adarra Saria Viktoria Eugenia antzokian. Euskal musikari egindako ekarpena aitortzen duen saria hamabigarrenez banatu du Donostiako Udalak, eta oraingoan, musikari donostiarraren ibilbideak euskal kantagintzan izandako eragina aitortu du.
Epaimahaiak, bereziki, “herri kanten eta bertso zaharren berreskurapenean, euskal poeta klasikoen obraren zabalkundean, emakumezkoen poesiaren alde erakutsitako sentiberatasunarengatik, euskal kanta modernoaren agertokietara (pilotalekuak barne) pianoaren soinua ekartzeagatik eta, batez ere, bere konposizio, grabazio eta zuzeneko emanaldiekin hainbeste musikazale gozarazteagatik estilo pertsonal, zaindu eta dotoreaz”.
Eneko Goia alkateak berak eman zion Marijose Rekalde eskultoreak egindako garaikurra. Ondoren, kontzertua eman zuen Francisco Herrero (biolina), Ivan Carmona (biolontxeloa), Joxean Goikoetxea (akordeoia) eta Txema Garces (kontrabaxua) musikariekin batera.