Bang Bang Zinemak 'Grease' filmarekin amaituko du sasoia
Larunbat honetan Bang Bang Zinemak hamargarren denboraldiari itxiera emango dio azkeneko emanaldiarekin.

Larunbat honetan Bang Bang Zinemak hamargarren sasoia bukatuko du Grease filmarekin (Randal Kleiser, 1978). Proiekzioa Antzoki Zaharrean izango da, Parte Zaharreko Kale Nagusian. Sarrerak antzokiko leihatilan bertan edo webgunean lor daitezke.
Gaur egun, pelikula bat ikusteko nahikoa da telebistan zerbait aukeratzea, etxetik mugitu gabe. Baina Bang Bang-eko kideentzat film bat ikustea esperientzia aktiboa izan beharko litzateke: kalera atera, jendez gainezka dagoen antzoki batean eseri eta besteekin proiekzioaz disfrutatu.
“Pelikula onak, festa giroa eta lagunak”, horrela deskribatzen dute kluba. Beraien leloa zine bikoitza da, izan ere, emanaldi bakoitzean bi pelikula eskaintzen dituzte bakarraren prezioarengatik.
Jardunaldi bakoitza sorpresaz betea dago eta larunbatekoa ez da atzean geldituko. Grease filmaren proiekzioaz gain, La Tropa dantza taldeak abesti guztiak zuzenean interpretatuko ditu. Gainera, ikusleen partaidetza eskertuko dute eta horretarako etxetik zapi bat eramateko eskatzen dute. Horrekin batera, 1950eko hamarkadarekin erlazioa duen dresscode berezia jarraitu beharko dute parte hartzaileek.
Ateak 18:30ean irekiko dituzte Antzoki Zaharrean eta filma ordu bat beranduago hasiko da. 23:30ean Viktoria Eugenia Antzokiko Club berrian festa jarraituko dute. Festarako sarrerak lortzeko hurrengo helbide elektronikoa helarazi dute: bangbangzinema@gmail.com