Egiako pasabidea ireki dute
Lurpeko igarobidean obrak oraindik pare bat hilabete jarraituko dute.

Lau urteko lanen ostean, Egia eta hirigunea lotzen dituen pasabidea asteburuan ireki dute oinezkoentzat. Obrak hiru urteko muga zuen hasiera batean, baina urte bat gehiago luzatu dira eta, azkenean, larunbat honetan zabaldu zuten. Hala ere, lanak ez dituzte bukatu oraindik, amaitutakoan tunelak hamabi metroko zabalera izango du Urumea ibaiaren aldean eta 30 metrokoa Tabakalera aldean.
IRUTXULOKO HITZA bertan izan da gaur goizean eta dagoeneko jendea pasabidea erabiltzen ari da, argazkietan ikus daitekeenez.
Gainera, gaur hasi dira behin behineko igarobideko igogailua eta eskailerak kentzen. Izan ere, lau urte hauetan pasabide moduan erabili dute hiritarrek auzo batetik bestera igarotzeko. Hala ere, goiko taula oraindik mantenduko dute, zerbitzu batzuk desbideratzeko.
Pasabidean obrak ez dira amaitu eta hilabete batzuk luzatuko direla adierazi du Susana Garcia Chuecak, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak. Pasabidearen alboetan jarraituko dute lanean, distantzia luzeko trena hartzeko sarbidea eraikitzen. Beraz, oinezkoek ibiltzeko tarte aproposa izan dezaten, langileek gutxieneko bost metroko zabalera utzi beharko dute. Udazken honetan, aldirietako eta distantzia erdiko trenak hartzeko pasabidetik sartzeko aukera irekiko dute.














