Gizarte Ekintzako langileak, akordioaren zain

Gizarte Ekintzako langileak udalarekin akordioa lortzetik gertuago daude. ELAko Txomin Lasak azaldu duenez, azken asteetan “kontaktu dezente” izan dituzte, eta aurre akordiorik lortu ez badute ere, aldeak gerturatzen ari dira. Udalak mahai gainean jarri ditu hamabost lanpostu berri eta “langileentzat garrantzitsuak” diren beste zenbait gauza, hala nola, administrarien espezifikotasuna, lan poltsak eta lan baldintzetatik haratago doazen beste zenbait gauza, tartean, erreparazio emozionala.
Ostiralean, langileen batzarra egin zuten eta langile ordezkariek adostutako azken proposamena helarazi zioten udalari. Baikor dago Lasa eta “akordio bat egon daitekeela”, hala ez bada, ordea, bost greba egun aurrera eramango dituzte asteazkenean, ostegunean, ostiralean, astelehenean, hilak 30, eta asteartean, uztailak 1.