Ingurumen zinema parkeetara bueltatuko da ostiralean
Lau emanaldi egingo dituzte Egia, Amara, Altza eta Bidebietan, bana; hilaren 27an, uztailaren 4an, 11n eta 18an.

Lau emanaldi, hiriko lau parketan, lau elementuen inguruan. Hala laburbil daiteke Cristina Enea Fundazioak antolatutako Udako Ingurumen-Zinema Zikloa Parkean. Hamabigarrenez, hiriko zenbait parketara eramango du bere eskaintza, oraingoan, naturako lau elementuak ardatz hartuta: ura, lurra, airea eta sua. Emanaldi bakoitza horietako bati lotuta egongo da, filmen irakurketa sinbolikoa eta ingurumenari lotua egitea bultzatzeko. Ostiralean, hilak 27, hasi, eta hurrengo hiru ostiraletan, uztailak 4, 11, 17 luzatuko da.
Sorburuan, Egia parkean egin ohi ziren emanaldiak, baina duela lau urte auzoetara zabaltzea erabaki zuten, kultura auzo guztietara gerturatzeko xedez. Hala, aurten, Egia parkean, Bidebietan, Altzan eta Amaran egingo dituzte proiekzioak, 22:30ean hasita. Sarrera doako eta librea da, edukiera bete arte. Zikloaren asmoa, aldiz, ez da aldatu. Cristina Enea Fundazioko Eneko Calvoren esanetan, zikloak hazten jakin du bere izaerari leial jarraituz: “Zinemaren bidez ingurumenari buruzko hausnarketa sustatzea. artea eta lurraldea lortzea, eta kultura eta bizikidetza uztartzea”.
Genero eta ikuspuntu desberdinetatik elkarri lotzen diren lau film aukeratu dituzte. Calvok azaldu duenez, ez dituzte “ausaz” aukeratu, bakoitza elementu bati lotuta egotea nahi zuten, bai estetikoki bai narratiboki; eta, aldi berean, “bizi dugun garaiaren metafora izatea”, hala. “oinarrizkoarekin berriro konektatzeko beharra, planeta beste gako batzuetatik begiratzekoa eta norberaren hauskortasuna eta ingurunearena ulertzekoa”.
- Hilak 27, ostirala, Egia parkean: Priscilla basamortuko erreginaren abenturak (Stephan Elliott, 1994). Basamortuan road movie-a. Biharamunean ospatuko den LGTB+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira proiektatuko da, zinema-ziklo horrek aniztasunarekin eta giza eskubideekin duen konpromisoa indartuz. Lurra elementuari lotuta
- Uztailak 4, Araba parkea (Amara) : Haizearen nomadak (Jacques Perrin, Michel Debats, Jacques Cluzaud, 2001), hegazti migratzaileei buruzko dokumental ikusgarria. Airea elementuari lotuta.
- Uztailak 11, Harria parkea (Altza): Pi-ren bizitza (Ang Lee, 2012), Ozeano Barean salbamendu txalupa batean doazen Pi eta Bengalako tigre baten arteko harremana kontatzen duen filma. Ura elementuari lotuta.
- Uztailak 18, Salvador Allende parkea (Bidebieta): Akira (Katsuhiro Ôtomo, 1988). Erabateko gaurkotasuna duen maisu lan distopikoa. Sua elementuari lotura.
Aniztasun, Inklusio eta Ingurumen zinegotzi Iñigo Garcia Villanuevaren esanetan, “zinema baino askoz gehiago” da zikloa. “Aukera ezin hobea da gure parkeak berriro deskubritzeko, komunitatean elkarrekin bizitzeko eta planetarekin dugun harremanari buruz hausnartzeko. Udalak gonbita luzatzen die familia guztiei, atari zabaleko zinema gau horiez gozatzeko, ingurune natural eta hurbil batean, auzoak eta kultura irisgarria aldarrikatzen baititu”.