«Progresibitatean eta ahalegin fiskalaren banaketa justuan oinarritutako» fiskalitatea proposatu du EH Bilduk

Hurrengo ekitaldi fiskalerako ordenantza proposamena Donostiako Udal Gobernuak laster aurkeztea aurreikusten da, eta, horregatik, bere ikuspegia azaltzeko prentsaurrekoa eskaini du astelehen goizean EH Bilduko zinegotzi Jabi Vitoriak, udal gobernuarekin “elkarlanean” aritzeko prest daudela nabarmenduz: “Gobernu talde honek bere proposamena aurkeztu bitartean, EH Bildutik laguntzeko eta ekarpenak egiteko prest gaudela adierazi nahi dugu. Gure ekarpenek, nolanahi ere, badute marko bat. Helburuak dira kalitatezko zerbitzu publikoak eguneratzea, ahalegin fiskala hobeto banatzea pertsonei lehentasuna emanez eta progresibitatea txertatzea diru sarrera gutxien dituzten kolektiboei hobariak emanez”.
Oposizioko alderdiko kideak gogorarazi du “iazko zerga eta tasen igoera garrantzitsuetatik” datorrela udal gobernua, “eta baita aurrekontu korrontean aurrezte garrantzitsuetatik ere, bai diru sarreretan eta baita gastuetan ere”. Horregatik, Vitoriak nabarmendu du proposamenak ezin dela “berriro ere bizikidetza unitateen ahalegin fiskalean oinarritu, KPIren gainetik, aurreko urteetan bezala”: “Estatuan, maiatzeko KPIa %2koa izan da, eta EAEkoak eta Gipuzkoakoak zertxobait handiagoak, %2,4koak. Erreferentzia horiek, legealdiko azken bi urte hauetan pilatutako igoerekin batera, udal gobernuaren erreferentzia nagusia izan beharko lukete Donostiako etxeko ekonomiak zergapetzen dituzten zerga eta tasen eguneratzeak ezartzerakoan”.
Ildo horretatik, “OHZ bi urteotan ia %8 igo da, oinarrizko zerbitzuak, hala nola, etxeko zaborra %32,9, ura %6 eta saneamendua %14,3. Zerga eta tasa horiek donostiar guztiei eragiten diete, etxeetako ekonomia oinarrizkoenari, eta, beraz, arreta berezia behar dute”, gaineratu du. Hain zuzen ere, oinarrizko zerbitzuetan “ordainketa ahalmenaren printzipioa” kontuan hartzeko eskatu du zinegotzi abertzaleak: “Gaitasun ekonomikoa funtsezkoa da hobariak ezartzeko. Hori dela eta, EH Bildutik garrantzitsua iruditzen zaigu udal zergetan hobariak berrikustea (OHZ eta EIOZen moduan) bilatzen den helburua gal ez dadin, hots, gaitasun ekonomikoan oinarrituta hobariak ematea.
Eguneratzeak
“Jarduerei lotuago dauden zerga eta tasak” eguneratzea, bestalde, “bidezkoa” dela dio EH Bilduk: “Adibidez, EJZ (Jarduera Ekonomikoen Zerga) milioi bat eurotik gorako negozio bolumen garbia duten enpresak zergapetzen dituen zerga da. Baita gainbalioaren gaineko zerga ere, higiezin baten salmentan lortutako mozkinak zergapetzen dituena. Hau da, eragiketan etekin ekonomikoa badago soilik ordaintzen da”.
Zaborraren tasarekin, aldiz, lantzeko premisa bat ekarri du hizpidera Vitoriak: “Ezin dugu tasa igotzeko planteamendura mugatu, kostua xurgatzeko. Gastuaren arloan ere lan egin behar da, gastua murriztu dadin eta sortutako defizitaren araberako ordainketa murriztu dadin. Hori da Europako Legearen eta Zuzentarauaren helburua”. “Ezin dugu alde batera utzi arrazoi erantsi bat ere badagoela zerbitzu horren kostuen igoeran, turista eta bisitari asko etortzen baitira gure hirira. Eta eragin hori ez da soilik mugatzen hiri honek eskaintzen duen zerbitzu honen kostuetan. Askoz zabalagoa da. Horregatik, premiazkoa da turismo tasa gure hirian ezartzea, helburu finalistarekin”, gehitu du. Era berean, EH Bildukoak “beharrezkotzat” jo du “ordenantza fiskaletan ere genero ikuspegia txertatzeko konpromisoa lortzea, ez baitira inondik inora neutralak”.