Ategorrietako aspaldiko jaiak oroitu dituzte, beste behin ere

Azken urteotako ohiturari jarraipena emanez, Ategorrietako pala txapelketa egin dute. Aurten, hamasei pilotarik jokatu dute auzoko frontoian. Bi taldetan, bikoteak orekatzen saiatu dira pilotarien mailaren arabera; batzuk federatuta baitaude eta beste batzuk ez, ordea.
Finala atzo arratsaldean jokatu zuten, San Joan bezperan, Ategorrietako aspaldiko jaiak oroituz. Lehiatua eta bizia izan zen. Urdinez jantzitako Santi Ubeda eta Agustin Dorronsoro bikoteak irabazi zuen, eta Xabier Elejalde eta Martin Urigoitia gorriz jantzitako bikotea izan zen txapeldunordea.
Txapelketako neurketak maiatzaren bukaeran hasi eta ekainean zehar jokatu dituzte, eta antolatzaileen esanetan, urtero pilotari eta ikusle ugari biltzen dira. Txapelketa herrikoia da, eta pilotalekua txikia den arren, maila oneko norgehiagokak ikusteko aukera egoten dela diote.
Finalaz gain, beste jarduera batzuk egin dituzte auzoan: erromeria auzoko musikariekin eta kantariekin —auzoari eta bere frontoiari eskainitako bertso paperez lagundurik—, kalejira, poteoa eta afaria auzoko sozietatean.