Gipuzkoako kostaldeko XI. eta XII. mendeetako kokalekuez osatutako mapa ondu du Euskal Itsas Museoak
Lurraldeko hogei leku jasotzen ditu, tartean, Donostian duela mila urteko aztarnak aurkitu dituzten hainbat gune. Mapa gipuzkoarren eta bisitarien eskura jarriko dute, 'Ipuscua 1015-2025' ekimenaren barruan.

Euskal Itsas Museoak Ipuscua 1025-2025 ekimena aurkeztu du gaur. Gipuzkoako kostaldean zehar dauden hogei kokaleku bisitatzeko ibilbide bat da, eta duela mila urteko kostaldeko aztarnak ezagutarazteko asmoz sortu dute. Ibilbidean jasotzen diren lekuak XI. eta XII. mendeetako dokumentazioan aipatzen dira edo aztarnategi arkeologiko garrantzitsuen kokaleku dira.
Hala azaldu dute gaurko prentsaurrekoan Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatuak eta Xabier Lobide Euskal Itsas Museoko zuzendari zientifikoak. Museoan eta bere webgunean mapa bat jarri dute ikusgai, eta bertan jasota daude Gipuzkoako hogei leku horiek. Puntu bakoitzak fitxa bat du gainera, oraindik ere garai bateko Ipuscua horretatik antzeman daitezkeen elementuei buruzko informazioarekin. Fitxa bakoitzak egungo argazkiak eta Ander Izagirre idazle eta kazetariak toki bakoitzaren ezaugarriekin sorturiko kontakizunak biltzen ditu.
Mapak biltzen dituen tokiak
Honako tokiak biltzen ditu mapa horrek: Mutrikuko portua, Astigarribiako San Andres parrokia, Itziarko amabirjina erromanikoa, Zumaiako San Pedro parrokia, Askizuko San Martin parrokia, San Prudentzioko ermita, Getariako Salbatore eliza, Elkanoko San Pedro ermita, Zarauzko Santa Maria Zeruratze parrokia, Urtetako San Sebastian ermita, Agorregiko burdinola, Aiako San Esteban parrokia, Arrazubiako errenta, Orioko San Nikolas parrokia, Donostiako Kontxako badiako monumentu multzoa, Oiartzungo Laurtango San Esteban parrokia, Beloagako gaztelua, Irungo Junkaleko ama birjina erromanikoa, Irungo Santa Elena ermita eta Hondarribiko gaztelua.
Gainera, mapadun esku orria aipatutako monumentuak dauden kostaldeko herrietako turismo bulegoetan banatuko dute. Horrela, eskualdea modu desberdin batean ezagutzeko aukera izango dute, bai bertakoek eta baita bisitariek ere: oinez, autoz, bizikletaz, etab.
Donostian nabarmentzen direnak
Donostian nabarmendu dituzten puntuei buruz galdetuta, hainbat leku jarri dituztela azaldu du Alberdik. “Egia esan, ez daude hainbeste leku aukeraketa egiteko, ditugun informazioak murritzak direlako. Alde batetik, idatzitako dokumentazioa daukagu, eta Donostiako kasuan, arkeologiak ematen dizkigun informazioak ditugu. Horrez gain, garai horretakoak izan daitezkeen eta oraindik tente dauden elementu batzuen aztarnak sartu ditugu, izan ere, mila urtean, aztarna horiek milaka aldaketa izan dituzte”, azaldu du museoko zuzendari zientifikoak.
Aukeratu dituzten elementuen artean, Antiguako eliza dago. “Badakigu Antiguako San Sebastian eliza, berez, ez zegoela gaur egun dagoen lekuan. Badakigu errege jauregia dagoen lekuan zegoela jatorrizkoa, baina kasu horretan ez dago garaiko elementurik ikusgai. Hala ere, badaukagu San Sebastian El Antiguo monasterioaren aipamen dokumentala. Horregatik aukeratu dugu leku hori, eta jendeak jakiteko bertan bazegoela santutegi bat Donostiari izena eman ziona”, adierazi du Alberdik.
Hortaz gain, San Bartolomeko mendi tontorra sartu dute, garai bateko ikastetxearen aztarnak baitaude bertan. “Komentuaren gainean eraiki ziren, eta bere lehen aipamena XIII. mendekoa da. Bertan egin ziren indusketetan, hain zuzen, garai horretako aztarnak azaldu ziren”, jakinarazi du.
Parte Zaharrerantz joanda, kaia, Santa Maria eta San Bizente elizak —XII. mendeko dokumentuetan aipatzen direlako— eta hiribildua —XII. mendean sortu zelako— jasotzen ditu mapak. Goiko aldean, gaztelua ere badakar mapak: “Gaur egun eraikita dagoen gazteluaren zati handiena XVIII. mendeko baluarteak-eta dira, baina gailurrera joaten bagara, Jesusen Bihotzaren irudiaren azpiko macho roquero deitzen dioten elementura, dorre biribil baten aztarna dago; hau da, Erdi Aroko dorrearen aztarna. Beraz, badakigu XII. mendean Ipuscoa babesten zuzen gazteluetako bat zela, hain zuzen, Donostiako gaztelu hori”.
Eskuragarri dago dagoeneko leku horiei buruzko informazio gehiago ekimenaren harira sortu duten mapan, bai Euskal Itsas Museoan bertan (fisikoki) eta baita webgunean ere.