Luxuzko 28 etxebizitza izango ditu Ijentea 2 eraikinak, udalak beste bi eraikitzea baimendu ondoren
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak maiatzeko udal batzordeetan aurreratu zuen Amenabar enpresari lizentzia berri bat emango ziotela.

Parte Zaharreko Ijentea 2 eraikinak luxuzko 28 etxebizitza eta bost lokal izango ditu. Ez dira 26 edo 27 izango, 28 baizik. Gogoratu behar da Amenabar enpresak 26 etxebizitza eraikitzeko promozioa aurkeztu zuela 2023ko urrian. Urtebete beranduago, ordea, EH Bilduk salatu zuen 27 etxebizitza iragartzen ari zirela, baimendurikoa baino bat gehiago. Irregulartasun horiek aintzat hartuta, iazko abenduan obra gelditzea erabaki zuen Donostiako Udal Gobernuak.
Horren aurrean, Amenabarrek luxuzko 28 etxebizitza egiteko lizentzia “erregularizatu” eta proiektua egokitu zuen, eta Hirigintza Sailak beste bi etxebizitza eraikitzeko baimena eman dio. Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak maiatzeko udal batzordeetan aurreratu zuen lizentzia berria tramitatzen ari zirela. Horrekin batera, Arzallusek esan zuen lizentzia berriak Gipuzkoako Aldundiaren onespena duela, eta arkitektoen eta suhiltzaileen aldeko txostenak dituela.
Eraikinaren jabetza
Ijentea 2 eraikina Inmobiliaria Vascongada higiezinen agentziarena zen, baina 2019ko urtarrilean Azora putre funtsak bereganatu zuen. 2021eko uztailean, berriz, Aloka Enea higiezinen kudeaketarako sozietateari saldu zioten —gaur egun Ondaregi XXI izenez ezagutzen dena—, eta azken horrek Amenabar enpresaren esku utzi zuen luxuzko etxebizitzak egiteko promozioa.