Olatz Salvadorrek 'Su hau dena' zabaldu du, Gazte Feministen Baterajotzeko kanta

Euskal Herriko Gazte Feministek urriaren amaieran Baterajotzea antolatu dute Zaldibarren (Bizkaia). Jardunaldiak berotzeko, Olatz Salvador eta Iholdi Beristainek kantu eta bideoklip bat argitaratu dute: Su hau dena.
Aner Peritz eta Aissa Intxausti bertsolariek egin dute letra, eta lau artistek elkarrekin aurkeztu dute Zaldibarren bertan. Baterajotzea gazte eta feministen “elkargune” izanen den bezala, kantua eta bideoklipa ere lau ikuspegiren elkargune izan dela esplikatu dute. Izan ere, bakoitzak bere «sorkuntza eta artea» erabili ditu gazte feministei, eta oro har feminismoari, kantu bat egiteko.
“Kantan aldarri feministak jasotzen dira, antolakuntzari egindako kantu bat delako”, azaldu du Uma Ulaziak mugimenduko bozeramaileak. Kantuan Euskal Herriko zenbait borroka jakini egindako erreferentziak ere badaude, “epika partekatuak bilatzeko”: turistifikazioa, heteroaraua eta lurraren defentsan herri oso batek makineriari bideak itxi izana hartu dituzte erreferentziatzat.