Palestinarekin Elkartasunak mobilizazioak egingo ditu «Iranen aurkako eraso inperialista» salatzeko

Israel desegin Iranen aurkako eraso inperialista gelditu lelopean, Palestinarekin Elkartasuna plataformak hainbat mobilizazio egingo ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, ostegunean eta ostiralean. Donostiako protesta etzi izango da Bulebarrean, 19:00etan.
“Israelek AEBen laguntzarekin eta mendebaldeko potentzien konplizitatearekin Iranen aurka abiatu duen ofentsiba salatzeko, eta Irango herriarekiko elkartasuna erakusteko elkartuko gara”, adierazi dute.
Hilaren 13an, Israelek Irango hainbat militar erail zituen, bederatzi zientzialarirekin batera. Izan ere, Israelek Iran mehatxu moduan ikusten du “arma nuklearrak” dituelako. AEBek Israel babestu dute hasieratik, eta pasa den larunbatean Irango hainbat base bonbardatu zituzten.