Udal ordezkariek lizarraren bueltan dantza egin zuten San Joan bezperan

Ohiturari jarraituz, udal ordezkariek Plaza Berrian aurrera eramandako San Joan bezperaren errituan parte hartu zuten. Lizarra zabalgunearen erdian jarrita, haren inguruan dantza egin zuten Goizaldi, Arkaitz, Eskola eta Gero Axular dantza taldeetako kideek lagunduta. Dantzarako doinuen ardura, berriz, Udaleko Txistulari taldeak izan zuen.
San Joan zortzikoak lagunduta 20:00ak aldera hasi zuten San Joan bezperako ekitaldia. Esku dantza egin zuten lehenik, eta hori amaitzean, erre beharreko lizarrari erritua egiteko unea heldu zen: agintariek hura ureztatu ondoren, dantzariek su eman zioten. Sua piztuta, fandangoa eta arin-arina dantzatu zituzten, eta ondoren, kalejira egin zuten plazan. Dantzak amaituta, sua itzali eta lizarraren azala banatu zuten, erromeria doinuez lagunduta.
















































