Garraio publikoaren funtzionamendu egokia bermatzea eta disuasio aparkalekuen erabilera sustatzea dute helburu
Donostiako Udalak udan mugikortasuna kudeatzeko neurrien plana aurkeztu du.

Zirkulazioa kudeatzeko eta bisitari gehien izaten diren uneetan sortzen diren eragozpenak arintzeko, Donostiako Udalak udan hainbat neurri jarriko ditu abian. Gaur goizean aurkeztu dute udako mugikortasun plana, eta Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak eman ditu xehetasunak. Planaren helburua da garraio publikoaren funtzionamendu egokia bermatzea eta disuasio aparkalekuen erabilera sustatzea.
“Iaz, uda sasoiko une jakin batzuetan trafiko pribatuaren joan-etorri handiak direla eta sortzen ziren eragozpenak hein handi batean murriztea lortu genuen; era berean, garraio publikoaren erabilerak marka guztiak hautsi zituen, Dbusen egindako bidai kopuruan zifra historikoak erregistratu baitziren”, nabarmendu du Yarzak. “Iaz hartutako neurriak hobetzeko eta egokitzeko lanean jarraitu du Mugikortasun Zuzendaritzak, trafikoa hobeto kudeatzeko, betiere garraio publikoaren funtzionamendu egokia bermatzeari begira, hori baita, zalantzarik gabe, Donostian mugitzeko modurik onena, bai eta ingurumen eta soinu kutsadura murrizteko ere”, gaineratu du.
Park and Ride
Hirira beren ibilgailu pribatuan etortzea erabakitzen dutenentzat, Donostiak doako hainbat aparkaleku ditu hiriko sarbide nagusietatik hurbil, eta Erdialdearekiko loturak garraio publikoaren bidez egiten dira, era horretan, Park and Ride edo disuasio aparkalekuen sare garrantzitsu bat sortzen da.
Iaz EHUrekin lortutako akordioari esker, Donostiak berriz ere disuasio-aparkaleku bat izango du unibertsitateetan. Berio pasealekuan kokatutako aparkalekua da (autokarabanen aparkalekuaren ondoan). Iazko udan 3.411 ibilgailuk erabili zuten, eta aurten uztailaren 7tik abuztuaren 21era egongo da aktibo. Ikasturtean zehar unibertsitateko ikasleek erabiltzen duten aparkaleku horrek 200 plaza inguru ditu eta garraio publiko erregularraren bidez dago lotuta Erdialdearekin.
Era berean, iazko udan Udalak Park and Ride gisa gaitutako Igarako aparkalekua disuasio-puntu garrantzitsu bat izango da berriz ere. 180 plaza ditu, eta handik metro gutxira zuzeneko konexioa dago garraio publikoarekin. Iazko udan aparkaleku periferiko erabiliena izan zen, 10.000 ibilgailu baino gehiagok erabili baitzuten. Donostia Turismori esker, autoa aparkatu ondoren, bisitariak autobus-geltokietara bideratzeko seinaleak ezarri dira.
Bi Park and Ride horiek doakoak izango dira, baina aparkatzeko 24 orduko muga izango dute txandakatzea errazteko; beraz, aparkalekuan sartzerakoan tiketa atera beharko da.
Eta azken urteetan ohikoa izan den bezala, aurtengo udan Dbusen zuzeneko autobus-zerbitzua jarriko da martxan Illunbeko doako aparkalekuaren (250 plaza) eta Ehun urteurrenaren plazaren artean, uztailaren 12tik abuztuaren 31ra (20 minutuero, 11:00etatik 22:30era). Zerbitzu hori ematen duen autobusa %100 elektrikoa da, haren ingurumen-inpaktua ahalik eta gehien murrizteko, eta Next Generation funtsek finantzatu dute. Aurten, Illunbeko aparkalekuan errotazioa errazteko, baina nolabaiteko malgutasunari eusteko, aparkatzeko denbora 48 ordukoa izango da.
Aparkaleku horiek, hirira sartzeko errepideetan seinaleztatuta egongo dira, Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren panel argitsuen bidez –bi erakundeekin lortutako akordioari esker–, eta aparkatzeko gune horietara bideratuko dituzte ibilgailuak.
Donostiak, halaber, doako beste aparkaleku-eremu periferiko batzuk ditu, eta aukera interesgarria dira udan: esate baterako, Miramongo Parke Teknologikoak dituen doako 1.700 plaza baino gehiago –hiriko autobus-linea ohikoenak iristen dira Parke Teknologikora–, edo Zuatzu Enpresa Parkea (650 plaza), linea erregularren bidez Erdialdera konektatuta dagoena.
Iparraldetik Donostiara datozenentzat, beste aukera on bat Irungo Ficoba azokaren doako aparkalekua da: 900 plaza ditu, 8:00etatik 22:00etara dago irekita, eta Donostiarekin Euskotrenen bidez dago konektatuta, 30 minutuero.
Denbora errealeko informazioa
Aurtengo udan ere, trafikoaren egoerari buruz eta ibilgailu pribatuak Erdialdera sartzeko dauden aukerei buruzko informazio-sistema eskaintzen egingo du ahalegin gehien Udalak, eta iaz abian jarritako ekintzak indartuko ditu.
Horretarako, jatorrian bertan komunikazio-kanpainak jarriko dira abian, eta teknologia berriak erabiliko dira, ibilgailu pribatuan Erdialdera joateko beharra duten pertsonek euren bidaia planifikatu ahal izan dezaten.
Gainera, Google Maps ibilbide planifikatzailearen eta Waze nabigazio aplikazioaren bidez, Mugikortasun Zuzendaritzak denbora errealean emango du hiriko trafikoaren egoeraren berri, eta trafiko intentsitate handiko egoeren berri emango du, auto pilaketa handieneko eremuetan sartu aurretik erabaki egokiak hartu ahal izateko.
Informazio hori erraz emango da kolore-eskala baten bidez. Eskala horretan, trafikoa arina, ertaina edo handia den adieraziko da, eta Donostia Transport aplikazioan ere kontsultatu ahal izango da. Aplikazio horretan, abisuak aktibatuko dira trafiko-intentsitate handia dagoenean, ibilgailuak gertuen dagoen disuasio-aparkalekura desbideratu ahal izateko. Gainera, hiriko argi-panelak prestatzen ari dira, informazio hori kalean erakutsi ahal izateko.
Termometro digitalen pantailak ere erabiliko dira gertuen dauden disuasio aparkalekuen kokapena adierazteko. Informazio hori indartzeko, seinale bertikal espezifikoak erabiliko dira, ibilgailuak hiriko sarreretatik aparkaleku horietara bideratzeko. Informazio hori guztia Donostiara iristeko bidean zehar emango da, hirira sartzeko errepideetako paneletan.
Oraingoan ere, denbora errealeko ekintza horiek indartzeko, hainbat komunikazio-kanpaina egingo dira jatorrian, Donostia Turismoaren eta inplikatutako beste eragile eta operadore batzuen laguntzarekin, Donostiaz gozatu ahal izateko, ibilgailu pribatua ez den beste aukera guztien berri emateko. Kanpaina horiek Iparraldean egingo dira batez ere, sare sozialen eta bilaketa-tresna nagusien bidez uztailaren 1etik abuztuaren 31ra.
Izan ere, iazko udan, ahalegina egin zen aparkalekuei buruzko informazioa Interneten hobeto kokatzeko, eta era berean, jatorrian bertan kanpainak egiteko, Google bilaketa-plataformako iragarkien bidez. Azken kasu horretan, guztira 30.390 interakzio zenbatu ziren argitaratutako iragarkiekin, % 49 gaztelaniaz, % 33 frantsesez eta % 18 ingelesez.
Trafikoa arautzeko protokoloa
Informazio-neurri horiez gain, azken bi udetan bezala, Mugikortasun Zuzendaritzak berriro aplikatuko du Erdialdera ibilgailu gehien iristen diren uneetan trafikoa kudeatzeko protokoloa, beharrezko doikuntzak eginda.
Doikuntza horiei esker, perimetroa arautzeko protokoloa 4 aldiz baino ez zen aktibatu 2024ko uztailean, –2023an 21 aldiz aktibatu behar izan zen–, eta erregulazio puntual gehiago egin ziren Eason eta Antiguan.
Aurten, berrikuntza gisa, beste hobekuntza bat aplikatuko da protokoloan, erregulazio-puntuetan dauden argi-panel berriei esker. Panel horiek “ez sartu” seinalea erakutsiko dute, trafikoa kudeatzeaz arduratzen diren agenteen lana errazteko; izan ere, urrunagotik ikusi ahal izango dira, eta aukera emango dute ibilgailuak beste bide batetik joateko, puntu horiek kolapsatu gabe.
Protokoloari dagokionez, aurten ere berdin jokatuko da: hiriko hainbat tokitan banatutako kameren bidez eta operatiboaren koordinatzaileak kalean bertan jasotzen duen informazioaren bidez, errepideetan karga gehiegi dagoela hautematen denean, protokolo hori aktibatu egingo da. Informazio hori guztia eremuko lurpeko aparkalekuen okupazio-datuekin ere osatuko da.
Protokoloa aktibatu ondoren, hainbat erregulazio-puntu ezarriko dira ibilgailuak beste bide batzuetara edo hiriko aparkaleku periferikoetara bideratzeko, Erdialdera modu justifikatuan sartu behar duten ibilgailuak izan ezik.
Eta protokolo hori hobeto kudeatzeko, informazio-kanpainetarako baliabide gehiago bideratzeaz gain, Udalak plantilla indartuko du, Mugikortasuneko agente gehiago izango baititu udako kanpainan.
Isuri Gutxiko Eremua
Aurreko udekin alderatuta, aurtengo berritasun handienetako bat Isuri Gutxiko Eremua abian jartzea izan da, hirigunera sartzeko orduan, mugak ezartzen baitizkie ingurumen-etiketarik gabeko ibilgailuei. Arau horrek hilabeteak daramatza indarrean; baina, hala ere, Udalak bereziki azpimarratuko du hiria bisitatzen duten pertsonek isuri gutxiko gunean sartu ahal izateko baldintzak kontsultatu behar dituztela, helbide honetan: www.donostia.eus/ige.
Ildo horretan, bereziki indartuko da atzerriko matrikula duten ibilgailuei buruzko informazioa, horiek baitira hirian sartu aurretik webgune horretan izena emateko ezinbesteko baldintza dutenak (ezarritako baldintzak betetzen dituztenek soilik izango dute baimena, DGTn erregistratutako ibilgailuek bezala).
Lurpeko aparkalekuak
2024ko uztailean, Udalak akordioa lortu zuen hiriko erdiguneko aparkalekuen enpresa emakidadunarekin, zerbitzua hobetzeko eta aparkalekuen erabilera eraginkorragoa sustatzeko. Horrela, udako denboraldirako tarifen igoera ezarri zen, udan erabilera murrizteko. Igoera hori irailera arte egongo da aktibo.
Aldi horietan bildutakoarekin, hobekuntzak ezartzen ari dira egoiliarrentzat eta garraiobide jasangarriagoen erabiltzaileentzat, gune horien erabilerak pixkanaka aldatzen joateko. Horrela, joan den urtearen amaieratik, hiriak gaueko abonu berriak ditu egoiliarrentzat, eta datozen asteetan moto, bizikleta edo patineteentzako abonu espezifikoak aktibatuko dira. Gainera, laster iragarriko da ibilgailu elektrikoak dituzten egoiliarrentzako plazak elektrifikatzeko plana, mugikortasun jasangarriago bateranzko trantsizioan aurrera egiteko.
Garraio publiko eta jasangarria
Garraio publikoari dagokionez, aurten ere, Dbusek bere zerbitzua indartu eta bere ordutegiak zabalduko ditu ekainaren 23tik abuztuaren 31ra, hirian joan-etorriak modu jasangarrian egitea errazteko.
Errefortzu-zerbitzuak ekainaren 23an bertan hasi ziren, San Joan bezperan, eta udan zehar zerbitzu gehigarriak egongo dira auzoetara, azken irteeren ordutegia ere luzatuko da; gautxori zerbitzu gehiago egongo dira asteburuetan eta jaiegun-bezperetan, eta zerbitzu bereziak eta maiztasun handiagoak ezarriko dira ekitaldi berezietarako.
Mugi, BAT edo BARIK txartelik ez duten bisitarientzat (gaur egun % 50eko hobaria dute txartel horiek), Donostiak, joan den irailetik, bidaia-kopuru mugagabea duen QR kodea bidezko txartel bat txartel berria momentuan eta Dbusen aplikazio ofizialaren bidez erosteko aukera eskaintzen du, udal autobus publikoaren sare osora hurrengo 30 minutuetan, 24 ordutan edo 48 ordutan bidaiatzeko. Hirian zehar bidaiatzeko modu azkar, erraz eta erosoa da, bestelako txartelik eskatu beharrik gabe.
Baina, autobus zerbitzuez gain, Donostiak bizikleta zerbitzu publiko bat du eta hiriko ia puntu guztietara iristen da. Ohiko tarifez gain, Dbizik noizbehinkako abonu bat du, hiria bisitatu eta bizikletaz mugitu nahi dutenentzat bereziki pentsatuta dagoena. Noizbehinkako abonu horrek 6 euro balio ditu, 30 eguneko iraupena du eta 0,45 euro eta 0,95 euro arteko prezioa du bidaia bakoitzeko.
Eta beren bizikleta duten pertsonentzat, udalak bizikletak aparkatzeko 200 plaza gehiago jarri ditu udako hilabeteetarako, urte osoan zehar dauden 8.400 plaza inguru indartzeko.
Autokarabanak
Autokarabanak gero eta gehiago erabiltzen dira garraiobide eta ostatu gisa, eta asko dira horrelako ibilgailuetan hiria bisitatzen dutenak. Horregatik, azken urteotan, autokarabanen aparkalekua arautu da eta ibilgailu horiek aparkatzeko gune berriak prestatu dira.
Egungo araudia dela eta, horrelako ibilgailuak arautzeko zailtasunak daudenez, aurten Udalak informazio-kanpainak indartuko ditu mota horretako ibilgailuen erabiltzaileak autokarabanentzako berariaz gaitutako espazioetara joan daitezen. Lan hori Autokarabanen Euskal Klubarekin elkarlanean egingo da aurten ere. Klub horrek aukera guztien berri ematen lagunduko du, hain zuzen ere foro espezializatuetan.
Iaz, berritasun gisa, udalak autokarabanentzako doako bi aparkaleku-eremu berri gaitu zituen Illunbeko aparkalekuan: 45 plaza inguru dituzte, bai eta ibilgailu horientzako beharrezko zerbitzua ere. Aparkalekuek 72 orduko muga dute egonaldietarako, eta Erdialdearekin konektatuta egongo dira 20 minutuero, Dbusen Illunbeko zuzeneko autobus zerbitzu bereziaren bidez (uztailaren 12tik abuztuaren 31ra).
Gomendagarriena Igeldoko edo Igarako kanpinetara joatea bada ere, beste baliabide batzuk ere badaude, hala nola Berioko autokarabanen aparkalekua: 7,60 euroko tarifa du goi-denboraldian eta 72 ordukoa da gehieneko egonaldia.