Gipuzkoaren lehen aipamenaren milurtekoa dantzan ospatuko dute larunbatean Parte Zaharrean

Lurralde gisa, gipuzkoarren balio nagusiak ospatzeko etaGipuzkoa hitzaren aipamen zaharrenaren milurtekoa gogoratzeko dantza, musika eta natura ardatz dituzten hainbat hitzordu “herrikoi eta sinboliko” antolatu eta babestu ditu aldundiak, erakunde eta eragile gipuzkoarrekin elkarlanean. Ekitaldi nagusia uztailaren 5ean Tolosan egingo badu ere, lehenengo biak larunbatean, hilak 28, aurrera eramango dituzte Donostian.
Batetik, dantzari gipuzkoarrek gauzatuko duten Gipuzkoa ezpata-dantzan jarduera. Lurraldean “oso sustraitua” dagoen dantza bat da, Debatik hasi eta Beasainera arte, Hondarribia edota Eibar ere ahaztu gabe. Argia dantza taldearen eta Ikerfolken gidaritzapean, eguerdian kaitik abiatuko dira dantzariak eta ezpata dantza eskainiko dute Parte Zaharreko zenbait leku esanguratsutan. Ordubete geroago, 13:00etan, herritarrak ere dantza egitera animatuko dituzte Plaza Berrian.
Bestetik, arratsaldean, Muriska pieza koreografikoaren bi emanaldi egingo dituzte San Telmo museoko elizan, 19:30ean eta 20:30ean. Gipuzkoako Urrezko Domina den Juan Antonio Urbeltzek 1991an sortutako pieza bat da, oholtzan, 70 dantzari eta hamabost musikari elkartuko ditu Zortziko eta Alakiketan ikuskizunen barruan. Drama koreografikoan oinarrituta, euskal munduaren elementu sinbolikoen irakurketa eguneratua eskaintzen du omenaldiak. “Eszenaratze harrigarri baten bidez, gipuzkoarron ondare musikal eta koreografikoaz baliatuz, historia unibertsalak gure ahotsetik kontatzen ditu, emozioak kultura eta identitatearen transmisiorako eta herrigintzarako erabiliz”, azaldu dute antolatzaileek.
Saioa doakoa da, baina aurrez museoan bertan eskuragarri egongo diren sarrerak lortu beharko dira.