LGTBIQ+ bandera duen zebra bidea margotu dute Grosen
Donostiako Udalak, ekainaren 28a ospatzeko, ortzadarra margotu du zebra-bide batean.

Larunbatean, Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, harrotasunaren martxa aurrera eramango dute hirigunetik abiatuta, LGTBIQ+ kolektiboko hainbat eragilek osatutako Ekainak 28 koordinakundeak deituta. Egun horren harira, Donostiako Udalak ortzadar bandera duen zebra bide bat margotu du Grosen, Peña eta Goñi kalearen eta Kolon pasalekuaren artean.
Udalak, egun berezi honetan, kolektiboarekiko duen konpromisoa argi utzi nahi du eta balkoi nagusian ortzadar bandera jarriko du. Gainera, gertakari LGTBIQ+ fobikoei aurre egiteko protokoloa lantzen ari da eta langileei zuzendutako prestakuntza programa martxan jarri du.
“Lehen aldiz, gure hiriak LGTBIQ+ banderaren koloreak jarri ditu zebrabide batean”, adierazi du Inklusio zinegotzi Iñigo Garciak. “Ez da lurrean egindako pintura bat bakarrik: Donostian diskriminaziorako lekurik ez dagoela eta hiri askeago, anitzago eta inklusiboago baterantz ibiltzen jarraitzen dugula dioen mezu argia da”, baieztatu du zinegotziak.
Halaber, Dbus eta Donostia Kulturak egun honekin bat egingo dute: autobusek ortzadar bandera duten kartelak ipiniko dituzte eta liburutegiek sexu eta genero aniztasunaren inguruan hitz egiten duten liburuak eskainiko dituzte maileguan.
Larunbatean 18:30ean hasiko da Donostiaren hirigunea zeharkatuko duen harrotasunaren martxa, Ekainak 28 koordinakundeak deituta. 20:00etan Ballroom kulturan barneratzeko, Vogue dantzaren emanaldia egingo da. “Zalantzarik gabe, ikuskizun originala eta harrigarria izango da, diziplina artistiko batetik harago doalako, aldarrikapen eta berrespen modu bat izateko, dantza, modelajea eta performancea lotzen dituena”, azpimarratu du Garciak.