Onditz Memoriala eta Emakumeen Triatloia jokatuko dituzte asteburuan

Urteroko legez, ekainaren amaierarekin batera, bi proba garrantzitsu jokatuko dituzte asteburuan: Onditz Memorialaren 38. edizioa eta Emakumeen Triatloiaren 15. edizioa. Donostiako Atletikok antolatzen ditu bi kirol proba horiek, Donostiako Udalaren eta beste erakunde batzuen laguntzarekin.
Lehen hitzordua larunbat honetan, ekainak 28, izango da. 15:00etan hasiko da Emakumeen Triatloia, eta emakumeen parte hartzea kirolean sustatzea du helburu. Antolakuntzak jakinarazi duenez, parte hartzaileen kopuruak kontuan hartuta, “helburua lortzen” ari dira gainera. Hain zuzen ere, aurtengo edizioan 273 emakumek eman dute izena, hau da, iaz baino %15 gehiago. Parte hartzaileek 300 metroko igeriketa saioa, 10 kilometroko bizikleta ibilbidea eta 2 kilometroko lasterketa egin beharko dituzte.
Bestalde, Onditz Memorialaren triatloia ekainaren 29an, igandean, 09:00etan izango da. Estatuko triatloirik beteranoena da bere modalitate olinpikoan. 1.500 metroko igeriketa, 38,5 kilometroko bizikleta eta 10 kilometroko lasterketarekin. Goi mailako atletak bilduko ditu Kontxako badia, Igeldo mendia eta Donostiako beste gune ikoniko batzuk zeharkatzen dituen zirkuituan. Proba honetarako 500 pertsona inguruk eman dute izena, “aurreko edizioen oso antzeko kopurua”. Parte hartzaile guztien artean, 90 emakume daude.
Kirol Txartela Saria
Donostia Kirolak igandeko proban sailkatu diren lehen emakume eta gizon donostiarrak sarituko ditu. Sariak Kirol Txartelaren doako abonua dakar, urtebetez hiriko kirol instalazio guztietara sartzeko.
Iñaki Gabarain Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotziak nabarmendu duenez, “Donostia bi kirol hitzordu enblematikoren agertoki bihurtuko da berriro asteburu honetan. Bi kasuetan emakumeen parte hartzeak gora egin du, eta hori oso albiste ona da. Gure helburua da kirola gizarte kohesiorako, osasunerako eta berdintasunerako tresna gisa bultzatzen jarraitzea, emakumeen parte hartzea sustatuz, gazteenentzat aukerak sortuz eta historia, inklusioa eta antolaketa kalitatea uztartzen dituzten probak sendotuz”.
Bestalde, Donostiako Atletikok ere kirolaren balioekiko, parte hartzearekiko, berdintasunarekiko eta bizimodu osasungarriaren sustapenarekiko konpromisoa erakutsi du.