Onkologikoa ekainaren 30ean integratuko da Osakidetzan

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Onkologikoa Osakidetzan integratzeko dekretua. Alberto Martinez Osasun sailburuak pasa den otsailean iragarri moduan, integrazioa ekainaren 30ean izango da. Hau da, datorren astelehenean. Dekretuan ezartzen dira osasun zentroa Euskal Osasun Zerbitzuaren sarean organikoki eta funtzionalki txertatzeko baldintzak.
Martinezek nabarmendu du “urrats garrantzitsua” dela, 2027an protoi terapiako ekipoa abian jartzearekin batera. “Donostia Unibertsitate Ospitalea Euskadi eta Europako onkologiako erreferentziazko mugaz gaindiko zentro bihurtuko baitu. Herrialde mailakoa izango da, Gipuzkoari, Bizkaiari, Arabari, Nafarroari eta Ipar Euskal Herriari asistentzia emango diolako”, adierazi du Osasun sailburuak.
297 langile
Dekretuaren arabera, integrazio honek berekin dakar Osakidetza subrogatzea Onkologikoan diharduten langile sanitarioen zein ez sanitarioen lan eskubide eta betebeharretan. Guztira, 297 langile —horietatik 232 finkoak— Donostialdea ESIra atxikita geratuko dira.
Hori guztia gauzatuko da osasun zentroan indarrean dagoen hitzarmen kolektiboaren aplikazio esparruko lan kontratu batean, hura integratzen den unean. Integraziotik kanpo geratzen dira, berariaz, hitzarmen kolektibotik kanpoko akordio indibidualak dituzten langileak eta goi zuzendaritzako kontratuei lotutakoak.