Zabalik dago Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarietara lanak aurkezteko epea

Euskal soziolinguistika teorikoa eta metodologikoa garatzea eta berritzea helburu duten Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sarietara lanak aurkezteko epea zabaldu du Soziolinguistika Klusterrak. 2008an sortu zuten sari hori, eta euskal soziolinguistikaren ikertzaileen lana bultzatzea eta ikertzaile berriak eremu honetara biltzea bilatzen du.
Euskararen soziolinguistika arloko ikerketa zein hausnarketa lanak aurkez daitezke sarietara, betiere oinarri zientifikoa badute edo zientzian oinarritutako hausnarketak proposatzen badituzte. Diziplina askotatik proposatutako lanak izan daitezke, gainera: soziologiatik, hizkuntzalaritzatik, zientzia politikoetatik, psikologiatik, antropologiatik edo komunikazio zientzietatik, besteak beste.
Txillardegi–Hausnartu soziolinguistika sariak izenarekin Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi euskal soziolinguista omendu nahi du Soziolinguistika Klusterrak, euskararen inguruko ezagutza soziolinguistikoa eraikitzen egin zuen lanagatik.
Lanak aurkezteko epemuga irailaren 22a izango da, eta honakoak izango dira irabazleentzako sariak:
• Lehen saria: 2.000 euro eta Jose Luis Zumetaren litografia bat.
• Bigarren saria: 1.300 euro.
• Hirugarren saria: 1.000 euro.
Deialdiari buruzko informazio osoa esteka honetan aurkitu daiteke.