EH Bilduk eta EAJk Amara Berrin topoko trenbidea estaltzea eskatu dute
Udalbatzarrean onarturiko mozioaren harira, sozialistek jeltzaleei "demagogiaz" jokatzea egotzi diete.

Amara Berrin topoaren trenbidea estaltzeko gaia izan dute hizpide ekaineko udalbatzarrean. EH Bilduk trenbidea estaltzeko mozioa erregistratu zuen, eta, azkenik, EAJren batera adosturiko mozio bateratua eztabaidatu dute udal batzar aretoan. Izan ere, jeltzaleek bat egin dute EH Bilduren eskaerarekin.
Hamarkada luze daramate Amara Berriko bizilagunek Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen Morlans eta Loiola arteko trenbidea lurperatzeko. Izan ere, trenek sortutako zaratak eta bibrazioak murriztea nahi dute.
2022an udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu zion alternatiba jasangarriak aztertzea, eta Eusko Trenbide Sareak (ETS), erantzun gisa, 103.000 euroko aurrekontuarekin hiri integraziorako alternatiben azterlan bat lizitatu zuen, baina soilik Morlans-Anoeta tarterako. Gutxira, EH Bilduk Anoeta-Loiola zatia ere azterketan sartzea eskatu zuen, eta udalbatzak babestu zuen. “Typsak egindako azterlan horretan, hiri integraziorako bost alternatiba eskaini ziren: bi estalketari dagozkionak, beste bi lurperatzearekin dagozkionak eta azken alternatiba bat pantailen instalazioari dagokiona. Bizilagunak estaltzearen dagokion altenatibaren alde agertu dira, zarata ekidin eta hiri integraziorako aukerarik onena dela argudiatuta”, azaldu zuen Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak duela bi aste egindako prentsaurrekoan.
Maiatzaren 6an, Amara Berriko hiru bizilagunek agerraldia egin zuten Legebiltzarrean, trenbidearekin pairatzen dituzten zarata arazoak azaltzeko. Arazo horri erantzuteko, ETSk pantaila batzuk jartzea proposatu du. Baina, salatu dutenez, pantaila horiek ez dute konpontzen trenbidearen hiri-integrazioa, eta ez dute bermatzen zarata desagertzea. Hain zuzen ere, EH Bilduk uste du estaldura horrek, zarata arazoak konpontzeaz gain, metroaren hiri-integrazioa ere konponduko lukeela. Beraz, “konponbide integrala” dela uste du, “auzotarren babesa duena eta herritar guztiengan modu positiboan eragingo lukeena, espazio publikoa lortzen delako beste erabilera batzuetarako”.
EAJren babesa
Hain zuzen ere, EH Bilduren mozio horrekin bat egin berri du EAJk ere, eta mozio bateratuan honako puntu hau adostu dute elkarrekin: “Donostiako Udalaren Osoko Bilkurak Eusko Jaurlaritzari eta ETSri eskatzen die konponbide integrala eman diezaiotela Morlans–Anoeta tartean trenbideko garraioak sortzen dien inpaktuaren arazoari, trenbidea estaliz eta hiri integrazioa hobetuz bizilagunentzat ingurune osasungarria eta bizigarria bermatzeko”.
Horrela, Donostiako udalbatzak “hertsatuki” eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari eta ETSri, Donostiako Udalarekin batera lan egin dezala, Morlans eta Loiola artean topoa estaltzeko irtenbide bat bilatzeko eta ezartzeko, metroaren hiri-integrazioa hobetu eta zarataren arazoa konpon dadin.
PSE-EEren kritika
EAJk mozioari babesa eman diola jakin berritan, udal talde sozialistak “demagogiaz” jokatzea leporatu dio EAJri, ETSri Errondoko (Amara) topoaren bideak estaltzea eskatu diolako, “udalak gidatu eta bere gain hartu beharko lukeen obra dela badakienean, eta ez Eusko Jaurlaritzak”. Donostiako sozialistak trenbidearen eragin akustikoa murrizteko alternatiba posible guztiak aztertzearen alde agertu dira, baina EAJri eta EH Bilduri, “soilik trenbideak estaltzearen alde dauden alderdiei”, eskatu diete “erantzukizunez” joka dezatela kostu ekonomiko handia duten eta udalaren eskumenekoak diren hirigintza neurriak planteatzeko orduan.
“Mozio hau oportunista da, eta gehiago dirudi auziari modu arduratsuan aurre ez egiteko saiakera”, esan du Juantxo Marrero sozialistak, eta jeltzaleei “itxaropen faltsurik ez sortzeko” eskatu die, “ezin baita nahi izan Eusko Jaurlaritzak, ETSren bitartez, bere eskumenekoak ez diren obra batzuk bere gain hartzea, eta, gainera, beste aukera batzuk aztertu gabe egitea”. Ildo horretan, gogorarazi duenez, “bideak estaltzea hiri jarduera nabarmena da, eta udalak gidatu behar du, udala baita eskuduna”. “Herritarrei azaldu beharko litzaieke nola egingo diogun aurre udaletik inbertsio tamainari eta ez sortu gaur egun onartezinak diren itxaropenak”, adierazi du Marrerok.
Ostegun honetan egindako osoko bilkuran, PSE-EEk gogorarazi du zarata arintzeko “neurri berritzaileak” ezar daitezkeela, “Garraio Sailak berak aztertu duen moduan”. “Aukera guztiak aztertu beharko dira”, esan du Marrerok, eta PP eta EH Bildu kritikatu ditu, “irtenbide bakar gisa” estaltzea edo lurperatzea mantentzeko, “erabat baztertu” dituztelako mozioak. Zinegotzi sozialistak kritika horiek EAJri ere egin dizkio.