Rosa Zarra gogoratuko dute igandean, mezu argi batekin: «Berriz ez»

Astelehenean (hilak 30), 30 urte beteko dira Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz Rosa Zarra donostiarra hil zenetik. Urteurrenaren harira, senideek eta Egiari Zor fundazioak haren omenezko ekitaldia antolatu dute iganderako (hilak 29), 12:00etan, Amara Berriko Ferrerias plazan, Berriz ez lelopean.
Aurtengo ekitaldia, gainera, berezia izango da. Izan ere, Zarrarena “heriotza naturala” izan zela 30 urtez defendatu ostean, Eusko Jaurlaritzak biktima gisa aitortu zuen martxoan, baita aitortu ere heriotza eragin ziona Anoeta estadioaren inguruan 1995eko ekainaren 22an jasotako pilotakada izan zela —handik zortzi egunera hil zen—. Hemen irakur dezakezue gertatutakoari buruzko erreportaje zabala, hedabide honek 2020an argitaratutakoa.
Horregatik, ez errepikatzearen bermean jarri dute fokua aurtengo omenaldian, Ertzaintzaren pilotakaden ondoriozko heriotzak eta ezbehar larriak gertatzen ari direlako oraindik ere. Horren erakusgarri dira, besteak beste, Iñigo Cabacasen heriotza 2012an eta Amaia Zabarteren lesio larriak 2024an.