Torturaren aurkako mezua, Donostiako autobusetan ikusgai

Torturaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur, ekainak 26, eta, horren harira, torturaren kontrako kartelak ikusgai daude Donostiako Dbus konpainiaren autobusetan. Mikel Zabalza herri ekimenak sustatutako egitasmoa da, Dbuseko sail sindikalen eskariaz eta udalarekin adostuta. Zabalzaren irudia ere ageri da karteletan.
Aurtengo azaroan, gainera, 40 urte beteko dira Guardia Zibilak Mikel Zabalza Altzako bizilagun (Orbaitzetakoa jaiotzez) eta Donostiako autobus gidaria atxilotu eta torturapean hil zuenetik. Hain zuzen ere, iazko azaroan, Zabalzaren omenezko plaka bat jarri zuen udalak Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean.
Sekretu Ofizialen Legea
Egitasmoaren harira, Espainiako Sekretu Ofizialen Legea indargabetzeko eskatu du, beste behin ere, herri ekimenak: “Espainiako Estatuan tortura modu orokortuan praktikatu da eta babes osoa izan du. Sekretu Ofizialen Legea babes sistema honen katebegi garrantzitsu bat da. Iluntasuna eta inpunitatea bermatzen ditu. Ba da unea torturaren sistema osoaren inpunitatea bermatzen duten arau guztiak deuseztatzeko eta egia osoa eta ofiziala gardentasun osoz ezagutzeko”.
Era berean, Torturaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan, bi hausnarketa partekatu ditu plataformak. Lehenengoa, Antonio Guterres Nazio Batuetako Idazkari Nagusiarena: “Inolaz ere ez da onartu behar torturatzaileen krimenak zigorrik gabe geratzea, eta tortura ahalbidetzen duten sistemak desegin eta eraldatu behar dira”. Bigarrena, Amnesty International erakundearena: “Tortura eta beste tratu txar batzuen erantzuleen inpunitatea ahalbidetzen duen lege edo praktika oro deuseztatu behar dute estatuek”.