«XXI. mendean margotzen duen XIX. mendeko artista naiz»
'Denbora hegan doa baina, batzuetan pausatzen da' izenburuarekin aurkeztu du Jesus Mansek bere obra.

“Nik sortutako fikziozko pertsonaiaren komisarioa izatea gustatzen zait”. Jesus Maria Corman artista donostiarrak Jesus Manse alter egoa aurkeztu du Okendoko erakusketa aretoan gaur. Donostia Kulturak antolatu duen erakusketak Jesus Manse artistaren 60 mihise batzen ditu. Bihar (hilak 27) 19:00etan irekiko dute erakusketa. Halaber, uztailaren 4an Maider Zapiarain biolontxelo jotzailearen eskutik poesia errezitaldia eskainiko du, XIX.mendeko zuzeneko musikarekin.
Manse 2022an hasi zen obra sortzen. Berak annus horribilis esamoldearekin deskribatu du urte hori, izan ere, bat-batean bi gurasoak galdu zituen eta zulo sakonean sartu zen: “Besaulkian eseri nintzen zer egin jakin gabe”. Egoera latz hartatik ateratzen ari zela margotu zituen lehenengoa koadroak. Erakusketa sinbolikoa da, izan ere, benetan bizirik dauden hildako itxura duten enborrak margotu ditu. Zuhaitzak gizakiok barnean gaizki dugunaren irudikapena dira, Manseren ustez.
XIX. mendeko artistetan inspirazioa aurkitu du eta, ondorioz, hainbat artista erromantikoen ikuspuntua bere obretan ikus daiteke. Caspar David Friedrichen antzekotasuna Los Vigilantes edo Doble Voz moduko obretan antzeman daiteke. John Constable, berriz, umea zenetik egon da bere bizitzan: duela gutxi bere gurasoen etxean, plater batean margotuta, Constableren koadro bat zutela konturatu zen.
Manseren margolanen elementu garrantzitsuenetakoa lainoa da. Iheskortasuna irudikatzen duen atmosfera lausoa sortzea lortu du honen bidez. Baina lainoen erabileraren atzean dagoen benetako helburua, “antsietatea sorrarazten duen koadroa” margotzea da. Artistak bere burua “teknikoki traketsa den margolari” moduan deskribatzen du, bere ustez teknikoki perfektua den obra bati arima falta zaio. Horregatik, bere obretan beti ikusiko da bien arteko oreka.