Azken urteetan saritutako su etxeek argituko dituzte Aste Nagusiko gauak 60. edizioan

Aste Nagusiko Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketak urtero badiaren inguruan milaka pertsona elkartzen ditu Aste Nagusiko gau guztietan. Lehiaketa horrek 60 edizio beteko ditu aurten, eta munduko hiru lehiaketa onenen artean dago. 60. urteurrena dela eta, Donostia Kultura Festak edizio oso berezia prestatu du, eta parte hartuko duten su etxeen zerrenda azken urteetan lehiaketan saria jaso duten su etxeek osatzen dute.
Hauek dira 60. Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketan parte hartuko duten pirotekniak:
•Abuztuak 9: Fireworks Lieto (Italia) – Zilarrezko maskorra 2012an
•Abuztuak 10: IP Innovative Pyrotechnik (Alemania) – Urrezko maskorra 1999an eta Brontzezko maskorra 2000n eta 2022an.
•Abuztuak 11: Pirotecnia Zaragozana (Zaragoza) – Urrezko maskorra 1964ean, lehiaketaren lehenengo edizioan.
•Abuztuak 12: Parente Fireworks (Italia) – Urrezko maskorra 2008an, Zilarrezko maskorra 2015ean eta Brontzezko maskorra 2018an.
•Abuztuak 13: Pirotecnia Peñarroja (Castellon) – Urrezko maskorra 2004an eta 2009an, Zilarrezko maskorra 2010ean eta 2017an, eta Brontzezko maskorra 2005ean.
•Abuztuak 14: Pirotecnia Caballer FX (Valencia) – Urrezko maskorra 2011n.
•Abuztuak 15: Pirotecnia Valenciana (Valencia) – Urrezko maskorra 2023an eta 2024an.
Ikuskizun piromusikala
60. Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketako asmo handiko ikuskizun piromusikal batek emango dio itxiera Aste Nagusiari. Illusion Fireworks & Pirotecnia Martik, Karl Mitchell-Shead-en zuzendaritzarekin, 60 urtez, sua izan gara ikuskizuna prestatu dute, eta bertan, hiru zuzeneko esku hartze musikal egongo dira. Izarok, Janus Lesterrek eta Joselontxos txarangak zuzenean eskainiko dituzte Paris, Hil arte dantzan eta Sarri Sarri abestiak, suekin koordinatuta eta laser efektuekin, “esperientzia bisual eta sentikorragoa” sortuz.