Egia aitortu diete, 30 urteko gezurraren ostean
Astelehenean (hilak 30), 30 urte beteko dira Rosa Zarra 58 urteko donostiarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zenetik. Hiru hamarkadotan, bertsio ofizialak esan du «heriotza naturala» izan zela Zarrarena, haren familiak, Ales Elosegi mediku nefrologoak eta gizartearen zati handi batek zioenaren aurka. Aurten, ordea, Eusko Jaurlaritzak aitortu du Zarra pilotakadaren ondorioz hil zela. «Pozik» daude senideak eta medikua, baina gabezia nabarmen bat salatu dute: ondoren eraiki zuten gezurraren inguruan ezer ez esatea.

Arrazoia genuela esatea besterik ez dugu nahi». Xabier Irazusta (Erdialdea, 1937) Rosa Zarraren alargunaren hitzak dira, IRUTXULOKO HITZAk Zarraren 25. urteurrenaren harira argitaratutako erreportajea ixten dutenak. Bost urte pasatu dira ordutik, eta, azkenean, arrazoia eman diete, jakina zena ofizialki aitortuz: Rosa Zarra (Rosi, gertukoentzat), ez zen arrazoi naturalengatik hil, Ertzaintzak oso distantzia motzetik emandako pilotakadaren ondorioz baizik.
Zarra hil zenetik 30 urte betetzear direnean, Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordearen txostena esku artean, Irazusta bera, Maider Irazusta alaba (Amara Berri, 1973), Dani Goñi iloba (Amara, 1957) eta hasieratik heriotzaren arrazoia pilotakada izan zela defendatu zuen Ales Elosegi mediku erretiratua (Amara, 1951) elkartu ditu hedabide honek. Bi gai behin eta berriro errepikatu dituzte solasaldian: aitortza jaso izanaren garrantzia eta aitortza horrek dituen gabeziak.

Ales Elosegi mediku nefrologo erretiratua, Maider Irazusta Rosa Zarraren alaba, Xabier Irazusta alarguna eta Dani Goñi iloba.Oier Arribas Ciria
Prozesu luzea
Duela bi urte pasatxo bildu ziren lehen aldiz senideak Balorazio Batzordearekin, 2023ko urtarrilean. Horregatik, «oso prozesu luzea» izan dela deitoratu dute senideek: «Oso pozik atera ginen lehenengo bilera hartatik, dena kontatu ahal izan genuelako. Gero, ordea, ez da horrenbeste luzatu den kasurik egon. Hiruzpalau hilabeteko gauza izango zela esan ziguten, baina bi urte baino gehiago pasatu dira txostena jaso dugun arte, eta bitartean isiltasuna egon da; guk ibili behar izan dugu euren atzetik, deika», gogoratu du Goñik. Ilobak dioenez, ziur daude, hein handi batean, «presioengatik» luzatu dela horrenbeste ebazpena: «Kasu honetan, bertsio ofizialaren aldeko sententzia judizial bat zegoen, eta horrek ere gauzak zaildu ditu». «Eusko Jaurlaritzara deitzen genuenean, halaxe esaten ziguten, gure kasua ‘berezia’ zela», gaineratu du alabak.
Azkenean, aurtengo martxoaren 24an bildu ziren Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin, txostena jasotzeko: «Espero genuen txostena bera azalduko zigutela, laburtuta bazen ere. Horrelakorik, ordea, ez zen egon. Maria Jesus San Jose Justizia sailburuak hitzartze bat egin zuen, beraientzat biktima guztiak berdinak direla esanez, eta txostena eman zigun. Eta gu entzuteko prest agertu zen», azaldu du Goñik. Horrela, Maiderrek gogoratu du prozesua horrenbeste atzeratu izanaren inguruko hainbat kritika egin zizkietela agintariei.
Hala ere, argi dute pozteko modukoa dela aitortza ofiziala: «Duela urte batzuk, ez nuen espero inondik inora puntu honetan egotea, urteotan esan diren guztiak esan ostean», nabarmendu du alabak. Izan ere, familiak hasiera-hasieratik kontatu zuen egia aitortu die orain Eusko Jaurlaritzak, baita Elosegik kontatutakoa ere. Zarra hil zenean, Donostia Ospitaleko mediku nefrologoa zen Elosegi, eta bera izan zen ahotsa altxa eta, hedabideetan argitaratutako gutun baten bidez, Zarra pilotakadaren ondorioz hil zela publikoki esan zuen mediku bakarra: «Hala egokitzen zitzaidan, nire lanaren parte zen. Ezin nuen isilik gelditu. Askotan esaten dut pena ematen didala garai hartan EAJkoa edo PSOEkoa izan ez izana, zeren gauza bera esango nukeen horrela ere. Hurrengo egunean botako ninduten, badakit, baina horren garbia zen kasua, ezin nuela isilik gelditu». «Medikuen isiltasuna ikaragarria izan zen garai hartan», gehitu du nefrologo erretiratuak. «Zerk egiten du medikuak halako une batean isilik egotea? Beldurra izan daiteke, baina, orduan, pentsatu behar dugu zer esaten duen horrek sistemari buruz. Garaiaren eta sistemaren inguruan asko esaten du», hausnartu du Goñik.
«Zerk egiten du medikuak halako une batean isilik egotea? Beldurra izan daiteke, baina, orduan, pentsatu behar dugu zer esaten duen horrek sistemari buruz»
Dani Goñi, Rosa Zarraren iloba
Hain zuzen ere, aitortza lortzeko prozesuan, Elosegiren parte hartzea «funtsezkoa» izan dela nabarmendu du Maiderrek, Paco Etxeberria forentsearen bitartekari lanekin batera: «Berak esan zigun, damututa edo penaz dagoela garaian kasua hartu ez izanagatik, orduan justu Lasa eta Zabalaren kasuarekin zebilelako. Batzordean, Pacok ederki egin zuen bitartekari lana, Alesi galdera egokiak eginez, frogatu behar zena zalantzarik gabe frogatzeko».
Urte batzuk lehenago, giltzurrun bat transplantatu zioten Zarrari, eta horri heldu zioten garaiko agintariek, hedabide nagusien eta beste hainbat sektoreren babesarekin, Zarraren heriotza «naturala» izan zela defendatzeko, eta ez pilotakadaren ondorioz. Elosegik, ordea, «hasieratik» ikusi zuen argi Zarraren heriotzaren arrazoia pilotakada zela: «Adibide erraz batekin azalduko dut: ni, medikamentu antikoagulatzaile bat hartzen dudan pertsona bat, zortzigarren solairu batera igotzen naiz lagun batekin, lagunak handik behera botatzen nau eta hil egiten naiz. Zein da heriotzaren arrazoia? Antikoagulatzailea hartu izana ala zortzigarren solairu batetik bota izana? Ba, gauza bera gertatzen da Rosa Zarraren kasuan; ankerkeria hutsa izan zen asmatu zuten guztia». «Txostenak berak dio amaren antzeko kasu ugari ezagutzen direla munduan, eta bibliografia luzea aipatzen du. Aldiz, beraien argudioa izan zena defendatzen duen bibliografiarik ez dago», gehitu du Maiderrek.
«Ezin nuen isilik gelditu. Askotan esaten dut pena ematen didala garai hartan EAJkoa edo PSOEkoa izan ez izana, zeren gauza bera esango nukeen»
Ales Elosegi, nefrologo erretiratua
Eta gezurrarekin zer?
Balorazio Batzordearekin egindako prozesua luzea izan bada, are luzeagoa izan da 30 urteotakoa. 1995eko ekainaren 22an jaso zuen pilotakada Zarrak, Anoeta inguruan sortutako istilu batzuen harira, istiluak gertatzen ari ziren eremutik kanpo eta «sei-zortzi» metrora, han zegoen Maider alabak gogoratu duenez. Handik zortzi egunera hil zen, eta giltzurrun transplanteari eutsita, orain arte indarrean egon den gezur handia eraiki zuten erakundeek; nekez ahaztu daitezke, zentzu horretan, Juan Mari Atutxa orduko Eusko Jaurlaritzako Barne Segurtasun sailburuak esandakoak. Aipatu moduan, Elosegik ikuspegi medikutik defendatu zuen orduan pilotakada zela heriotza eragin ziona, eta senideek ere beti esan zuten osasunez ondo zegoela pilotakada jaso zuenean: «Hoberen zegoen unean eman zioten pilotakada».
Hain zuzen ere, hori da Zarraren gertukoek sumatzen duten hutsunea: «Faltan botatzen dugu gerora sortu zen gezur horren guztiaren inguruko aitortza. Zeren, ez dugu ikusten beraien partetik barkamenik eskatzeko edo, behintzat, gauzak behar bezain ondo egin ez zirela aitortzeko asmorik. Azkenean, guri min gehien egin ziguna gerokoa izan zen, urte luzez mantendu zen gezur hori, eta gezurraren eraikitzearen inguruan ez da ezer esaten txostenean». «Aitortzen da biktima bat dela eta pilotakadagatik hil zela, baina kontatu ziren gezur guztien inguruan ez da hitz egiten, ezta errudunez eta gauzak ondo egin ez zituztenez ere», gehitu du Elosegik.
Ildo beretik, aitortza behar bezala ez zabaltzea ere leporatu diote Jaurlaritzari: «Aurrerantzean inork ezingo du esan ama ez zela pilotakadagatik hil. Baina aitortza horrek paretan jartzeko balio dit. Bere garaian beraiek zabaldu zuten gezurrak eragindako mina arintzeko modua izango litzateke aitortza hau zabaltzea beraien partetik, eta gu gara zabaltzen ari garenak. Dolua arintzeko modu bat ere bada, elkarrizketa honen modukoak egitea terapeutikoa da niretzat», dio Maiderrek. Gaineratu dutenez, maila pribatuan ere ez da egon aitortzaren harira beraiekin harremanetan jarri den garaiko arduradunik. «Bingen Zupiria sailburuak gutun bat bidali zigun doluminak emanez eta esanez Ertzaintzak gehienetan zilegitasuna duela indarkeria erabiltzeko eta, batzuetan, ondorio txarrak izaten dituela horrek», gogoratu du Goñik. «Hori edo ezer ez bidali izana… Niri ez zidan ezertarako balio izan horrek, zeren hau ez zen izan errebotez agertutako pilota bat, nahita botatako pilotakada bat izan zen, zortzi metrora, min egiteko asmoz», dio Maiderrek.
«Bileran esan genien, ez direla bermatzen ari ez errepikatzea. Hor dago, besteak beste, Iñigo Cabacasen kasua. Amaia Zabarterena ere gertatu berri da»
Maider Irazusta, Rosa Zarraren alaba
«Berriz ez»
Aitortza ofizialak zauria ixten laguntzen ote dien galdetuta, argi mintzo da alaba: «Itxi ez da itxiko, baina mina arintzeko eta dolua arintzeko balio digu honek, etapa bat ixteko eta sendatzen hasteko». Era berean, Zarraren kasuak antzeko beste batzuentzat ate bat irekitzea nahi dutela gaineratu du: «Faltan botatzen ditugun gauzak daude, eta hori salatzen jarraituko dugu, amaren kasutik harago».
Izan ere, indarkeriaren biktimez hitz egiten denean, «aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzearen bermea» dira aipatu ohi diren betebeharrak, eta elkarrizketatuek salatu dutenez, Poliziaren pilotakaden biktimei dagokienez, erakundeak ez dira azkena bermatzen ari: «Aitortza bai, eman digute, baina jarraitzen dute halakoak gertatzen. Bileran esan genien, ez direla bermatzen ari ez errepikatzea. Hor dago, besteak beste, Iñigo Cabacasen kasua. Amaia Zabarterena ere gertatu berri da, eta agintarien jarrera ukazioa izan da hasieratik. Bere senarra lehen aldiz entzun nuenean, aita etorri zitzaidan burura, duela 30 urte», nabarmendu du alabak.
Horregatik, ildo horretatik landu dute aurtengo omenaldi ekitaldia: «Egiari Zor erakundearekin batera antolatu dugu aurten, Berriz ez lelopean, ikusten dugulako kasu honek ate bat ireki dezakeela antzeko beste kasu batzuentzat, bai gertatutakoentzat eta bai gertatu daitezkeenentzat», azaldu du Goñik.
Aitortza ofiziala jasota, Donostiako Udaleko ordezkariak modu ofizialean gonbidatu dituzte ekitaldira: «Donostiako alkateak noizbait zerbait esan izana faltan bota dut urteotan baita ere, egia esan. Auzotik ezagutzen gaitu, gainera», gaineratu du alabak. Etzi (hilak 29) izango da ekitaldia, 12:00etan, Amara Berriko Ferrerias plazan.