Fokuak argitzen ez duenean

‘THE LAST SHOWGIRL’
Zuzendaria: Gia Coppola · Urtea: 2024 · Herrialdea: AEB
Showbusiness delakoaren erretratu gordina da The Last Showgirl, argi eta pailetetatik harago, zirku bat bezala irudikatzen duena, bere soka bigun, oreka eta kaiolekin. Iaz ospaturiko 72. Donostia Zinemaldiko Urrezko Maskorraren lehia itxi zuen filmak –ondo irabazitako Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratuta–, eta, hilabete luze batzuen bueltan heldu da zinema areto komertzialetara.
Hogeita hamar urte luzez horretan aritu ondoren, egun batetik bestera Le Razzle Dazzle itxiko dutenaren berri lazgarria jasoko dute gauero bertan aritzen diren dantzariek. Ezusteko honen aurrean, beren bizitza birplanteatu beharko dute, Shelley protagonistak batez ere. 57 urte ditu, eta bere edertasuna jada ez da hasi berrienen pareko. Aspaldian ikasitako hura ez da nahikoa akrobaziak, edertasuna eta gaztetasuna saritzen dituen industria matxista horretan biziraupena bermatzeko.
Hala, zalantzazko etorkizun baten aurka borrokatu beharko du. Eta, paraleloan, alabarekin duen harreman korapilatsua konpontzen ahaleginduko da ere, bere karrera idealizatuaren mesedetan, bigarren mailan utzi baitu bizitzaren une askotan. Hauxe dugu, berriro ere, auzitan jarritako emakume baten istorioa: «Ez dut inoiz irabaziko», dio Shelleyk filmeko une batean, emakumea izate hutsagatik, beti kanpo begirada kritikoen menpe egongo dela ondorioztatzen duenean.
Emakumeen gorputzaren esplotazioa erdigunean, hura errespetatzen ez duen eta haren premiarik funtsezkoenak betetzen ez dituen mundu batean. Eta horrela egiten du bat Coppolaren lanak emakume adinduen baztertzea mahai gainean jartzen duten beste zuzendari batzuen proposamenekin. Oraingoan, ordea, bada alderik: aurrekari horiek –The Substance, esaterako– lan muturrekoak eta groteskoak diren bitartean, tonu malenkoniatsua eta ezkorra da nagusi The Last Showgirl filmeko diskurtsoan.
Eta, halaxe, bere pertsonaiei aurrez aurre begiratzen dien eta asmo maltzurrez janzten ez den proposamen apal eta diskretu batean egin dut topo harribitxi indie txiki batekin. Istorio eder eta hunkigarri bat aurkezteaz gainera, Coppolak Pamela Anderson berpiztu, eta bere bizitzako papera eskaini dionaren pentsamenduak lagunduta ere. «Bere bizitzako papera», diot, neurrira jositako pertsonaia eraiki duelako harentzat –antzezten ari da?–, baina baita Andersonek pultsua onartu eta performance ikusgarria burutu duelako ere.