Haur danborrada berreskuratuko dute Altzako sanmartzialetan
Hainbat berritasunekin ospatuko dituzte jaiak, gaur bertan hasita. Haurrentzako ginkana berezia prestatu dute, baita Kulturarteko eguna ere, eta musikari dagokionez, erromeriaren ordez, DJ-ak izango dira protagonistak.

Altzako sanmartzialei gaur bertan egingo diete ongietorria, eta asteazkenera arte, jaietan murgilduta egongo da auzoa. Hainbat berritasun dituzte egitarauan, eta horien artean, haurrentzako prestatutako jarduerak nabarmentzen dira, besteak beste.
Ixiar Atorrasagasti (Altza, 1997) jai batzordeko kideak azaldu duenez, haurren danborrada berreskuratu dute, hainbat urtez egin gabe egon ostean. “Iaz, aurtengo gauzak pentsatzen hasi ginen jai batzordeko kideok, eta erabaki genuen haurren danborrada egin behar genuela. Entseguetan, ikusi dugu haurrei pila bat gustatzen zaiela. Egia esan, arrakasta eduki du, 50 ume inguruk eman dutelako izena”, jakinarazi du Atorrasagastik.
Bestalde, iaz lehenengoz antolatu zuten giza probari jarraipena emango diote, baina beste berritasun batekin: “Iaz, Altzako kuadrilla batzuk hartu zuten parte, baina aurten pixka bat zabaldu dugu hori, eta Altzako hiru kuadrillaz gain —Altxa Harria, Altzako Basurdeak eta Altzatarra K.E.—, beste herri batzuetako taldeak ere etorriko dira. Hain zuzen ere, Lezoko Sats herri kirolak, Astigarragako Ikatza eta Hernaniko Denontzat taldea”.
Bigarrenez antolatu dute giza proba, eta Altzako taldeez gain, inguruko herrietako hiru taldek ere hartuko dute parte
Kulturarteko eguna
Auzoan bizi diren kanpotarrek ere jaiez goza dezaten, Kulturarteko eguna ospatuko dute igandean. “Altzan kanpotar asko dago, eta nik uste dut festetatik kanpo geratzen direla pixka bat. Beraz, pentsatu dugu garrantzitsua dela beraiek ere guri erakustea egiten dituzten gauzak, gureak bakarrik egiten baditugu, kanpokoek ez dutelako guztiz bat egiten jaiekin”, adierazi du Atorrasagastik.
Horrela, 16:00etatik aurrera, kulturarteko tailerrak eta munduko dantzak egingo dituzte Plaza Gorrian. 20:30ean, aldiz, La Jodederaren kontzertuaz gozatu ahal izango dute San Martzial plazan. Kubako musikariek eta euskaldunek osatzen dute taldea, eta hori aintzat hartuta programatu dute euren kontzertua Kulturarteko egunean.
Jaietako gauzarik berezienaren inguruan galdetuta, jai batzordekoak erantzun du herri bazkariak indar handia duela. “Duela hiru urte, gazteak sartu ginen jai batzordean, eta herri bazkaria antolatzen hasi ginen. Horrek arrakasta handia du”, nabarmendu du. Horrez gain, musikari dagokionez, aldaketak egingo dituzte. Iaz, erromeria izan zuten sanmartzialetan, eta aurten, berriz, DJ-ak izango dituzte. Gaur, Txet DJ-ak girotuko du gaua, eta ondoren, rap emanaldia eta SNKT taldearen kontzertua izango dira. Bihar, berriz, Mario Garcia eta Txolas DJ-ek jarriko dute auzoa dantzan.
Ginkana berezia haurrentzat
Berritasun gutxi ez, eta asteartean, Haur eta Jubilatuen egunean, beste jarduera berri bat antolatu dute umeentzat. “Jai batzordeko kide batek haurrentzako ginkana bat muntatu du. Altzako Erresuma Magikoa deitu dio, eta egia esan, oso polita izango da”, azaldu du Atorrasagastik.
Arratsaldean gozatu ahal izango dute etxeko txikienek jarduera horretaz, San Martzial plazan. Horrez gain, haurrentzako futbol txapelketa eta jolasak, aurpegia margotzeko tailerra, apar festa eta txokolate jana ere izango dira egun horretan, beste hainbat gauzen artean.
Asteazkenean, Baserritarren egunarekin amaituko dituzte Altzako sanmartzialak. Meza nagusiaren ostean, XXXII. Sagardo Lehiaketa egingo dute, eta ondoren, idi-demak izango dituzte udal probalekuan. Bertso saioaren ostean, anaitasunezko bazkaria egingo dute Altzatarra K.E.-ren egoitzan, eta arratsaldeko idi-dema saioaren ostean, bertsolarien azken saioarekin bukatuko dira festak.