Iranen kontrako ofentsiba salatu dute Bulebarrean

Palestinarekin Elkartasuna plataformak hainbat mobilizazio egin zituen atzo iluntzean, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Gipuzkoako hiriburuko elkarretaratzea Bulebarrean izan zen. “Israelek AEBen laguntzarekin eta mendebaldeko potentzien konplizitatearekin Iranen aurka abiatu zuen ofentsiba” salatu zuten, eta elkartasuna adierazi zieten Irango herritarrei.
Horrekin batera, gertaturikoaren inguruko irakurketa plazaratu dute, eta aurrerantzean egingo dituzten urratsak ere aipatu dituzte:
“Ekainaren 13an Israelek Iranen kontrako erasoaldia abiatu zuen, eta igande goizaldean Estatu Batuek ere ofentsibarekin bat egin zuten. Iranek defentsiboki eraso inperialistari misil jaurtiketen bidez erantzun dio, eta antza denez, azken egunotan, su etenerako akordiora iritsi dira. Bonbardaketa eta erasoen aitzakia, arma nuklearren garapena izan da, aitzaki ezaguna, Asia Mendebaldeko herrialdeen aurkako operazioak justifikatzeko aurretik erabilia izan dena.
Helburua, ordea, argia da: mendebaldeko inperialismoak Asia Mendebaldea kontrolpean mantendu nahi du, eta horrela ulertu behar da Iran desegonkortzeko asmoa. Era berean, baliabide energetiko eta merkataritza-ibilbide estrategikoak dituen eskualde hori kontrolpean izateko baldintza nagusietako bat Israelgo estatuaren nagusitasun militarra da. Horretarako, Israel arma nuklearrak dituen bakarra izatea ezinbestekoa da Estatu Batuen kontrolpeko bloke inperialistarentzat.
Erasoaldi berri honek Israelen eta mendebaldeko inperialismoaren izaera terrorista eta suntsitzailea agerian utzi du beste behin. Irango azpiegitura militar eta nuklearraz gain, azpiegitura ekonomikoari ere eraso egin diote eta 300 zibiletik gora erail dituzte. Gainera, komunikabideetan bigarren mailako presentzia izan badu ere, ofentsibak iraun duen 12 egunetan zehar ia 900 pertsona erail dituzte Gazan.
Horren aurrean, Estatu Batuen parte hartzeaz gain, Europako herrialdeen kolaborazioa ere argia izan da. 2023ko urrian egin bezala, erasotzailearen eta erasotuen paperak aldatu eta Israelen defentsarako eskubidea aldarrikatu dute. Ia bi urtez ikusi dugu nola “defendatzen” den Israel: populazio zibila gupidarik gabe eraso eginez, ospitaleak eta eskolak bonbardatuz, hamarnaka mila eraildako zuzen eraginez eta milioika pertsonaren gosetea hedatuz. Gainera, Israel eta Estatu Batuen erasoaldia hitzez indartzeaz gain, ekintzaz ere indartu dute. Espainiar Estatuak Estatu Batuen bonbardero militarrak Moron eta Rotan zabaltzea baimendu du, Iranen kontrako erasoa erraztuz. Hori gutxi ez, eta aste honetan gastu militarra izugarri igotzea onartu dute NATOko herrialdeek, euren hegemonia galeraren testuinguruan, etorkizunean ofentsiba inperialistak abiatzeko aukerak indartzeko.
Atzean geratu dira Nafarroako, Espainiako eta Europako agintariek Israelekin harremanak etetearen inguruko adierazpen hutsalak. Noiz eta Israelek herri palestinarraren aurkako erasoaldia indartu eta beste herrialde baten aurkako erasoaldi berri bat abiatu duenean. Argi genuen adierazpen horien izaera faltsua, baina haiek ere agerian utzi dute aliatu nagusia Israel dela.
Guk, ordea, herri palestinarrarekiko eta eskualdeko herri langileekiko elkartasunez, Israelen desegitea mahai gaineratu behar dugu irmotasunez; eta horretarako, harreman oro eteteko presioa biderkatu behar dugu”.