LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, adierazpen bateratua idatzi dute udal ordezkariek
Leihoetatik eta balkoietatik kolore anitzeko banderak zintzilikatzera gonbidatu dituzte herritarrak, "keinu txiki baina esanguratsu hori elkartasunaren eta babesaren erakusgarri" delako.

LGTBI kolektiboaren, Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren aldeko Nazioarteko Eguna izango da bihar (hilak 28), eta Donostiako Udalak “aniztasunetik, eskubide eta bizikidetzarekin duen konpromisoa” berretsi du, udal taldeek idatzitako adierazpen bateratu baten bidez. Udalak adierazi du egun hori ez dela ospakizuna soilik, egindako bidea eta oraindik benetako berdintasuna lortzeko egin behar den lana gogorarazteko ere badelako.
“Funtsezkoa da injustiziaren aurrean ahotsa altxatzea eta gizarte bidezkoagoa, inklusiboagoa eta aniztasuna errespetatzen duena eraikitzen laguntzea. Ekintza kolektiboaren bidez bakarrik egin ahal izango dugu aurrera aldaketa erreal, sakon eta iraunkor baterantz, norbanakoaren konpromisotik hasi eta politika publikoetaraino”, adierazi dute udaleko ordezkariek.
Azken urteotan sexu eta genero aniztasunaren onarpena “handitu” egin dela adierazi dute, eta aurrerapen hori hainbat pertsona, elkarte, erakunde, kolektibo eta erakunderen “etengabeko lan konprometituari” esker lortu dela, “hainbat esparrutatik kontzientziak ikusarazten, sentsibilizatzen eta eraldatzen lagundu baitute”. “Prozesu horretan, euskal gizarteak erakutsi du gai dela aurrera egiteko, oztopoak hausteko eta guztiontzako askatasun eremuak irekitzeko”, nabarmendu dute.
Ekainaren 28a oroitzapenezko data bat izateaz gain, “ekintzarako premiazko deia” ere badela aldarrikatu dute. Horregatik, Donostiako Udaletik herritarrak ekintzetan parte hartzera animatu dituzte, gorroto diskurtsoak eta giza eskubideen urraketak “irmo salatzeko”: “Funtsezkoa da guztiok injustiziaren aurka ozen mintzatzea, eta elkarrekin lan egitea diskriminazio mota oro desagerrarazteko. Ekintza kolektiboaren bidez bakarrik lortu dezakegu benetako aldaketa iraunkorra”.
Nabarmendu dute ezin dela onartu gorrotoa eta intolerantzia nagusitzea. “Gaur, inoiz baino gehiago, gure aniztasunean bat egin behar dugu, elkarrekin eraikiz eta lan eginez, etorkizunean pertsona guztiok duintasunez, errespetuz eta askatasunez bizi gaitezen”, adierazi dute.
Horrenbestez, sentsibilizazio eta aldarrikapen ekitaldiekin bat egitera gonbidatu dituzte herritarrak: “Leihoetatik eta balkoietatik kolore anitzeko banderak zintzilikatu. Keinu txiki baina esanguratsu hori elkartasunaren eta babesaren erakusgarri da, eta agerian uzten du gaur aniztasunaren aldeko borroka eguna dela. Astintzen dagoen bandera bakoitza erresistentziaren eta itxaropenaren sinboloa da, atzera egiteko prest ez gaudela dioen adierazpena, hain zuzen”.
Erakunde adierazpena
Honakoa da Ekainaren 28aren harira gaur sinatu duten erakunde adierazpena:
1. Donostiako Udalak bat egiten du erabateko berdintasunerako, duintasunerako eta sexu edo genero identitatearen garapen askerako eskubidearen defentsa garbian.
2. Donostiako Udalak gogorarazten du gizakiok aske jaiotzen garela, duintasun eta eskubide berberekin, inolako bereizketarik gabe.
3. Donostiako Udalak berretsi egiten du giza eskubideekin duen konpromisoa, eta herritar guztiak animatzen jarraitzen dugu ausardiaz jokatzera, gorroto diskurtsoen aurrean isilik ez egotera eta edozein indarkeria, diskriminazio edo eskubide urraketa salatzera. Berdintasuna eta askatasuna ezin dira negoziatu.
4. Donostiako Udalak balioa ematen die LGTBI pertsonen eskubideak aitortzearen alde lan egin duten erakunde eta pertsonei.
5. Donostiako Udalak adierazten du gizartea kontzientziatzen lagunduko duten jarrerak eta politikak sustatzen jarraituko duela, benetako pentsamolde aldaketa bat gerta dadin eta jarrera LGTBIfobikoak desagerrarazi eta gaitzetsi daitezen.
6. Donostiako Udala bereziki kezkatuta dago nazioartean dokumentatutako kasu ugariengatik; izan ere, kasu horiek agerian uzten dute, gaur egun ere, herrialde batzuetan, homosexualitatea eta transexualitatea kriminalizatu egiten direla, eskubideak kentzen direla eta lege-diskriminazioa dagoela, eta krimen horiek ez direla zigortzen.
7. Donostiako Udalak dei egiten die herritarrei LGTBI mugimenduek eta mugimendu feministek gure herri eta hirietan egiten dituzten ekintzetan parte har dezaten eta bat egin dezaten foro publikoek, komunikabideek eta sare sozialek gaur aniztasunaren aldeko borrokaren eguna dela ikusarazteko egiten dituzten sentsibilizazio eta aldarrikapen ekitaldiekin.