San Juan kaleak uztailaren 1ean berreskuratuko du oinezkoentzako izaera

Donostiako Udalak Parte Zaharreko San Juan kalearen oinezkoentzako izaera berrezarriko du, Aldamar kaleko lanak amaitu ondoren. Horrela, gune horretako zamalanen erregulazioa obren aurretik zegoenera itzuliko da uztailaren 1etik aurrera. “Horrela, ordutegi zabalagoak eta malguagoak ahalbidetuko dira, eta egoiliarren, ikasleen, merkatarien eta bisitarien bizi kalitatea hobetuko dute”, nabarmendu du udalak.
“Neurri hau hiriak mugikortasun jasangarriagoa, seguruagoa eta eraginkorragoa sustatzeko duen konpromisoaren baitan kokatzen da. Zamalanak jatorrizko espaziora eramanda, gaur egun eraldatzen ari den eremu seguru eta guztiz oinezkoentzako gune bat berreskuratu ahal izango dugu”, nabarmendu du Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak.
“Aldaketa horrek oinezkoei lehentasuna emateaz gain, ingurunekoen bizi kalitatea nabarmen hobetzen du, egunerokotasunerako funtsezko puntu batean: azokaren atari gisa jarduten duen plaza bat, egunero pertsona ugarirentzako igarobidea, adineko asko barne, eta, gainera, ikastetxe baterako ibilbidearen parte dena”, gaineratu du Yarzak.
Oinezkoentzako espazioa
Bretxako inguruneko lanak egin bitartean, azken urteetan, Aldamar kalean egiten ziren zamalanak San Juan kalera eraman behar izan ziren (plazaren parean), eta ordutegia 07:30etik 11:00etara mugatu zuten, gune horretatik pertsona asko pasatzen zirelako. Izan ere, ingurune horretan, merkantziak garraiatzeko ibilgailuek bizilagunen eguneroko ibilbidearekin bizi behar izan dute, bai eta haurrek Orixe ikastetxera egiten dituzten joan etorriekin ere.
Horrela, Aldamar kaleko zamalanetarako gunea mugatzen zuten obrak amaitu ondoren, uztailaren 1etik aurrera jarduera hori jatorrizko espaziora lekualdatuko da, eta San Juan kaleari oinezkoentzako gune izaera itzuliko zaio.
Plaza gehiago
Zamalanei ere mesede egingo die Aldamar kalera itzultzeak; izan ere, lan horretarako hogei plaza izango dituzte, San Juan kalean zituztenak baino hamar gehiago. Gainera, zeregin horietarako erreserbatutako ordutegia nabarmen luzatuko da; izan ere, hemendik aurrera 12 ordukoa izango da (08:00etatik 20:00etara), gaur egungo 3,5 orduen aldean, eta aukera erosoagoa eta malguagoa eskainiko die banatzaileei, merkatariei eta beste erabiltzaile batzuei, denborak murriztuz eta merkataritza jarduera erraztuz.
Horrela, Parte Zaharrean zamalanak egiteko erreserbatutako guneak honako hauek izango lirateke —Aldamar kaleaz gain—: Bulebarra, Plaza Berria, kaia eta Koruko Ama Birjinaren kalea (07:30etik 11:00etara). Eta oinezkoen ingurune horren segurtasuna eta errespetua indartzeko, laster Isuri Gutxiko Eremuari lotutako matrikulak kontrolatzeko kamera batzuk ezarriko dira, eremu horietan araudi berriak behar bezala betetzen direla bermatzeko.