Turismo kudeaketa bateratuan sakonduko dute udalak eta aldundiak

Donostia Turismoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeaketa turistikorako neurriak aurkeztu, eta berretsi dute turismo orekatuaren, errespetuzkoaren lurralde osorako onuragarriaren aldeko konpromisoa. Hala adierazi dute goizean egindako agerraldian udaleko Kultura, Euskara eta Turismoko zinegotzi Jon Insaustik eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa foru diputatu Azahara Dominguezek.
Konpromisoa udaz haratago badoa ere, hasi berri den denboraldian aurrera eramango dituzten jarduera bateratuak ezagutarazi dituzte ere. Besteak beste, Frantzia pasealekuan, tren eta autobus geltokien aurrean, informazio gune berri bat jarriko dute irailaren 28ra arte, eta bisitarientzako arreta taldea indartuko dute. Bertan zabalduko duten mezua Donostia bertakoek bizi duten moduan bizitzea izango da, bertako espazioak, ohiturak eta bizimoduak errespetatuz. Horrela, “balio erantsi handiko” turismoa lehenesten dute, hirian eragin positiboagoa eta presio txikiagoa eragiten duena.
Lurraldera zabaldu
Turismo orekatuagoa sustatzeko ekintzen artean, Donostia Turismoak hiria bisitatzen dutenak hirigunetik haratago egonaldia zabaltzera animatzen ditu, ingurune hurbila ezagutzeko proposamenekin. Eskaintzen diren 157 jardueretatik % 46 baino ez dira hirian egiten; gainerako % 43a Gipuzkoari dagokio eta % 11a Iparraldeari, Bizkaiari edo Errioxari. Helburua jarduera turistikoa banatzea da: egonaldi luzeagoak erraztea eta jarduera turistikoa lurralde osoan banatzea.
Insaustik nabarmendu du garrantzitsua dela abegikortasuna eta erantzukizuna uztartzen dituen eredu baten alde egitea: “Donostia hiri abegikorra da, baina zorrotza ere bada nahi duen turismo motarekin. Ez dugu kopurua bilatzen, kalitatea baizik. Bisitatzen gaituztenek hiria errespetuz ezagutzea espero dugu, gure nortasuna ulertzea, espazioa enpatiatik partekatzea eta Donostia berezi egiten duenaren zaintzarekin bat egitea: bertako jendea, kultura eta ingurunea”.
Donostia Turismoak jarduera turistikoen salmenten %2 bideratzen du helburu solidario batera. Azken urtean, 8.000 euro inguru bildu dituzte Juneren Hegoak elkartearentzat. Elkarte horrek Errenterian du egoitza eta bere helburu nagusia da adingabeen gaixotasun edo doluagatik sufritzen ari diren lurraldeko familiei laguntza ematea, beraien bizi-kalitatea hobetzeko helburuz.
Udaz haratago ere
Udarako ekimen espezifikoez gain, Donostiako Udalak dagoeneko ezarrita dauden hainbat neurri estrategiko mantentzen ditu, hala nola, turismo ostatuen lizentzia berrien luzapena eta bisita gidatuen arautzea.
Dominguezek bi erakundeek lankidetza esparru berri bat adostu dutela iragarri du. Irailean abiatuko dute eta lau lan ildo jorratzen hasiko dira. Lehen biak sinergia digitalei eta materialen sorkuntzari buruzkoa dira. Ikus entzunezko edukiak eta sustapen materialak ekoiztuko dituzte, “modu koordinatuan” landuak, lurralde osoa esploratzera gonbidatu eta esperientzia digital koherente bat eskainiz. Horrez gain, turismo behatokiak bateratuko dituzte, datuak eta adierazleak partekatu ahal izateko bi erakundeen artean, horrela, erabakiak hobeto hartzeko, estrategia bateratuak diseinatzeko eta turismo fluxuen banaketa errazteko. Azkenik, kongresu, ekitaldi eta bilera profesionalak erakartzeko estrategia indartuko dute, helmugaren balioekin bat egin eta Gipuzkoa balio erantsi gisa ezagutarazteko.
“Gipuzkoa eta Donostia ez dira bereizitako bi errealitate, helmuga beraren zatiak baizik, bere aniztasunean osatzen eta indartzen direnak. Gipuzkoako Foru Aldunditik, Donostia Turismoaren eskaintzari gure lurraldeko turismoaren ikuspegi integratzaile eta iraunkorra gehitu nahi diogu. Lau lan ildo horiek urrats sendoak dira herritarrentzat jasangarriagoa eta onuragarriagoa den turismo eredu baterantz, eta gobernantza turistiko kolaboratiboago, adimentsuago eta iraunkorrago bati erantzuten diote, herritarrak eta bisitatzen gaituztenak erdigunean jartzen dituena”, adierazi du diputatuak