Kuadrillek jolastoki bilakatu dute Sagastieder plaza

Jaien ekuatorea zeharkatuta, Intxaur jaiak bihar amaituko dituzte. Aurretik, ordea, askotariko jardueraz betetako asteburua dute. Aukeren artean, larunbat arratsaldean gazte ugarik parte hartu dute kuadrillen jolasetan.
Zazpi-zortzi taldek izena eman dute (batzuk besteekin nahastuta ibili dira) eta jai batzordeko kideek proposatutako jolasak egin dituzte, puntuak pilatzeko. Irabazleak jasoko zuen saria ere jakinarazi diete: txupito bana taldeko kide bakoitzeko. Taldearen izena eta talde argazkia izan dira lehenengo biak. Errazak. Ondoren, pergaminoak banatu eta ordu erdi eman diete eskatutako txokoetan edo moduetan argazkiak egin eta bidaltzeko. Zerrenda azkarren bete dutenak kontuan hartu dituzte, baita irudi landuena nork egin dituen ere. Bost, hiru edo puntu bakarra jaso dute.
Hurrengo jolaserako laguntza pixka bat eman diete partaideei: ura bota diete mahuka baten bidez. Izan ere, aulki jokoaren txanda zen eta bero itzela egin zuen plazan, eguzkipean. Eszenario aurrean kokatu dituzte aulkiak, borobil handi bat osatuta. Hasieran, dantza eta txantxa artean mugitu dira haien inguruan, baina aulkiak urritzen joan diren heinean, besaulkiak heldu eta apenas mugitzen ziren. Inork ez zuen eseri gabe gelditu nahi, baina antolatzaileek mugitzera behartu dituzte. Bultzada, tranpa txiki eta beste izan dira, baina umore ona eta barreak izan dira nagusi.
Azken jolaserako partaiderik ez zenez, hortxe bukatu dituzte kuadrilla jolasak, Me la pela taldea garaile izendatuta.
Hona jolasetako argazkiak:

























