San Juan de Dios ospitaleko langileek mobilizazioak hasi dituzte hitzarmen duin baten alde

Errondoko San Juan de Dios ospitaleko lantaldeak ostiralean ekin zien hitzarmen duin baten aldeko mobilizazioei. Ospitale atarian egin zuten lehen protesta ekintza eta salatu zuten “oheak betetzea” lehenesten duela enpresak gaixoentzako “espazio seguru bat” bermatu eta horiek behar duten “laguntza emozionala” ematea beharrean.
Izan ere, askotariko profil soziosanitarioak dituzten paziente eta erabiltzaileak artatzen dituzte, hala nola, gaixotasun mental larriak dituztenak, gizarte bazterkeria egoeran dauden, buru nahasmendua duten nerabeak, integrazioa eta babesa behar duten pertsona zaurgarriak edota indarkeria biktima diren emakumeak. Langileek azaldu dutenez, aniztasun horrek gero eta konplexuago bihurtzen du arreta, kalitatea gutxituz eta lan baldintzak okertuz. Pandemiaz geroztik erosteko ahalmenaren %10 galdu dute langileek eta sektoreko hitzarmenak baino lanaldi “askoz ere handiagoa” dute.
Enpresa batzordeak gaitzetsi du enpresak ez duela “negoziatzeko benetako borondaterik erakutsi” eta azken urteotan “kapitala eta azpiegiturak handitzea lehenetsi” duela lan baldintzen aurretik. Finantzatzaileak diren neurrian, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila eta Gipuzkoako Foru Aldundia ere egoera horren “erantzule” direla gehitu dute.