Zortzi errefuxiatu familia etxegabetuko dituztela salatu du Etxebizitza sindikatuak

Ostiral arratsaldean egindako agerraldian, Etxebizitza sindikatuak elkartasuna adierazi die etxegabetuko dituzten zortzi errefuxiatu familiei, tartean adin txikikoak daude, eta haien egoera salatu du.
Azaldu dutenez, joan den asteko ostegunean jakinarazi zieten etxea utzi beharko dutela Espainiako Gobernuak Donostiako lekuak kenduko dituelako. Bestelako bizitoki bat bilatzeko denborarik gabe, bi familia ostiralean etxegabetu zituzten, eta gainerakoak, igandean eta astelehenean. Ostiralean, etxe berean bizi zen errefuxiatu bat CEAR-en bitartez Galiziara bidali zuten eta hemen dauden hiru familiari Bizkaiko Areatza herrira joateko proposamena egin diete, besteei, aldiz, ez diete inolako aukerarik eskaini.
Sindikatuak nabarmendu duenez, haien artean osasun arazo larriak dituzten haur eta helduak daude eta proposatutako aukerek ez dute osasun arreta egokia bermatzen, Donostia Ospitalean artatuak izan behar baitute. Gainera, hirian finkatzeko pausoak eman dituzte, hala nola, haurrak eskolaratu eta lanean edo ikasten hasi. Batzuk aurrez ere lekualdatu dituzte eta ez Espainiar Gobernuak ezta Eusko Jaurlaritzak ere, ez diote inori behin betiko etxebizitza alternatibarik eskaini.
“Kasu honen bidez ikus dezakegu errefuxiatuak lurraldera errotzea eragozten duten politikak eta etxebizitzaren negozioa eskutik doazela. Hau da, instituzio publikoetatik errefuxiatuen auzian murrizketak egiten ari diren bitartean etxebizitzaren negozioa indartzen jarraitzen dute”. Izan ere, sindikatuko kideek zehaztu dutenez, bizi diren pentsioko gela libreak gaua 108 euro ordaindu beharreko logela turistiko izango dira.
Egoera “onartezin” honekin amaitu eta familia guztientzako kalitatezko eta behin betiko etxebizitza alternatiba emateko exijitu diote Espainiar Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.