Amorru disidentea antolatzera deitu du LGBTI kolektiboak
Ekainaren 28ko manifestazioaren ondoren, ballroom kulturaren erakustaldia egin dute Bulebarrean

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Eguna izan da larunbatean, eta urtero moduan, ehunka lagun irten dira kalera Gipuzkoako Trans Asanblada, Ehgam eta Donostiako Asanblada Transbollomarika kolektiboak deitutako manifestaziora batuta. Bulebarretik abiatu da, Transmaribibillook faxismoaren eta genozidioaren aurka lelodun pankarta buruan, eta Erdialdeko kaleetan barrena egin du, faxismoaren gorakadaren aurrean aliantza eta autodefentsa transfeminista aldarrikatuz.
Gaurko egunaren harira zabaldu duten irakurketan, iaz egin moduan, Israelgo Estatuak Palestinako herriaren aurka aurrera daraman genozidioa gaitzetsi dute, palestinar erresistentziari elkartasuna adieraziz eta bai erakundeei bai enpresei beste behin eskatuz Israelekin dituzten harremanak eteteko. “Palestinaren kontrako genozidioak markatutako sasoi honetan, gerra hotsek gero eta ozenago eta faxismoa gero eta ageriago, antolatu dezagun amorru disidentea”. Izan ere, sexu eta genero disidentziak “borrokarako indar eta palanka” bihurtu behar duela sinetsita baitaude. “Harrotasuna, izango bada, beste jendarte eta mundu bat eraikitzeko indarra izango da, zapalkuntza orori aurre egiteko bultzada”.





















Zabaltzen ari den faxismoaren eta ideia faxisten aurrean autodefentsa transmaribibolloa eta faxismoaren kontrako aliantzak sortzea “ezinbestekotzat” jo dute, baita berretsi ere “beldurra baino askoz handiagoa dela sentitzen duten amorrua”. Testuinguru horretan lortutakoa babestea ez da nahikoa, eta bai faximoari bai erreakzionarismoari disidentzia gehiagorekin erantzungo diote: “Jendarte eredua errotik eraldatzea bilatzen duen borrokarekin. Genero-binarismoa eta erregimen heterosexuala nahi ditugu irauli”.
Horrez gain, gaitzetsi dute erakundeek beren borroka merkantilizatzeko ahalegina, “lelo hutsekin eta ortzadarraren koloreekin mozorrotuta”. Bide beretik, neoliberalismoak eskaintzen dien “askatasun indibidualaren” aurrean, sexu askapena nahitaez kolektiboa izango dela ere aldarrikatu dute, “esplotazioan, arrazakerian eta desjabetzean oinarritzen den ereduan ez dago ez askapenik ez egiazko askatasunik”. Borroka indibidualak ez direnez, eraldaketa sozial eta kolektibo baten barruan besterik ez direla egiaz gauzatuko gogoratu dute. “Nahitaezkoa dugu sistema kapitalista, patriarkal, zisheterosexista eta koloniala iraultzea askapena guztiona izango bada”. Horregatik inoiz baino beharrezkoagotzat jo dute trans, bollera, marika, bisexual, intersexual, ez-bitar, asexual, sexu-langile eta gainontzeko gorputzen arteko sareak eraikitzea eta aliantzak jostea.
Ballroom erakustaldia, ondoren
Manifestazioa amaitu ondoren, Ballroom kultura ezagutarazi dute, Vogue dantza erakustaldi batekin. Udaleko Giza Eskubide eta Gazteria sailek antolatuta, Bulebarreko kiosko aurrean, dantza, moda eta performancea lotzen dituen ikuskizun original eta harrigarria egin dute Iruñeko Kiki House of Anunnakiko taldeko kideek, Nefertiti Annunakik zuzenduta. BallroomDonostia talde berritzaileko kideek ere parte hartu dute.
Diziplina artistikotik haratago doa, ordea, aldarrikapen eta berrespen modu bat baita. New Yorkeko Harlem auzoan sortu zen Ballroom kulturatik jaio zen 1970eko hamarkadan, batez ere gay eta emakume trans* afroamerikarrek eta latindarrek bultzatuta. Underground klubetan antzezten zen, LGTBIQ+ kolektiboaren eta pertsona arrazializatuen bazterketari erantzuteko, eta espazio segurutzat hartzeaz gain, ahalduntze gune ere bazen,
Hona Joseba Parron San Sebastian argazkilariak erakustaldian egindako argazki bilduma:














































































