Rosa Zarra omendu dute, aitortza ofizialerekin lehen aldiz
Astelehenean, 30 urte beteko dira Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz Rosa Zarra donostiarra hil zenetik. Haren omenezko ekitaldia egin dute Amara Berrin, mezu argi batekin: "Berriz ez".

1995eko ekainaren 30ean zendu zen Rosa Zarra 58 urteko donostiarra —Rosi, gertukoentzat—, zortzi egun lehenago Anoeta estadioaren inguruan jasotako Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz. Urteurren borobil horren bezperan, gaur, Zarraren omenezko ekitaldia egin dute, haren senideek eta Egiari Zor fundazioak antolatuta, herritar ugariren parte hartzearekin.
Aurtengoa, gainera, urteurren borobila izateagatik ez ezik, beste arrazoi batengatik ere izan da berezia: Eusko Jaurlaritzak martxoan ofizialki aitortu zuelako Zarra Ertzaintzaren biktima izan zela. Orain arte, bertsio ofiziala izan da donostiarra “arrazoi naturalengatik” hil zela, eta ez pilotakadarengatik; hala defendatu zuten bere garaian agintari, ordezkari publiko eta hedabide askok, besteak beste, orduko Juan Mari Atutxa Eusko Jaurlaritzako Barne Segurtasun sailburuak.
Ez errepikatzea
Mugan taldeko kideen zuzeneko musikarekin hasi da ekitaldia, Zarraren argazki bat eta Berriz ez leloa eta bere mezua ikusgai zegoela: “Berriz ez ertzainen pilotakadek eragindako heriotzarik. Ez zauri larririk, ez begi galtzerik. Berriz ez poliziaren biolentzia eta gehiegikeriak zuritzeko asmatutako gezurrik, ez epaiketa manipulaturik. Berriz ez 30 urte luzeko itxaronaldirik egia aitortua izan dadin. Berriz ez…”.
Ales Elosegi nefrologo erretiratuak hartu du hitza jarraian. Hain zuzen ere, bera izan zen Zarra pilotakadaren ondorioz hil zela publikoki esan zuen mediku bakarra 1995ean. Errudun “aktiboak” eta “pasiboak” seinalatu ditu Elosegik: forentseak, auzia hartu zuen epailea, Ertzaintza, alderdi politiko gehienak, Atutxa bera, isilik gelditu ziren medikuak, eta abar.
Senideek hartu dute hitza ondoren. Zarraren iloba Iñaki Goñik lehenik, haren izebaren omenezko bertso batzuk botatzeko. Maider eta Rosa Irazusta alabek jarraian, besteak beste, aitortzaren garrantzia nabarmentzeko: “Egia da gure doluaren hasiera”. Atutxarentzako hitzak izan dituzte jarraian: “Ez dezala aukera hau galdu barkamena eskatzeko”.
Eskerrak emateko ere aprobetxatu dute ekitaldia, gertuko senideei, Elosegiri, DYAri, Eusko Jaurlaritzako Balorazio Batzordeari eta, bereziki, euren aita eta Zarraren alargun Xabier Irazustari: “Aita, beti hor egon zara guretzat. Zaindu gaituzu, eta eutsi, beti. Eskerrik asko”. Amarentzat mezu bat ere eman dute: “Ez zaitugu ahaztuko”.
Egiari Zorreko Pilar Garaialdek hitz egin du aurreskuaren eta lore eskaintzaren ondoren, eta Eusko Jaurlaritzari konpromisoa eskatu dio, “autokritika zintzoa” egiteko eta “Ertzaintzak eragindako mina aitortzeko”, baita erantzukizunak onartzea eta erreparatzeko borondatea edukitzea eskatu ere.

























