Andres Calamarori kontzertua bertan behera uzteko eskatu dio Donostia Palestina ekimenak, Israelen aldeko aldarrikapenak egiteagatik
Kontzertuak aurrera jarraitzen badu, uztailaren 2an Kursaalaren aurrean elkarretaratzeko deia egin dute, Calamarori ez dela ongietorria adierazteko.

Donostia Palestina herri ekimenak Andres Calamarori eskatu dio Donostian eskaini behar zuen kontzertua bertan behera uzteko, Israelen aldeko jarrera erakutsi izan duelako. Izan ere, Rene Residentek argitaratu zuen Palestinarekiko elkartasun mezu baten aurrean, Calamarok adierazpen batzuk egin zituen iazko maiatzean, Israelek Gazan genozidioa egiten zuen bitartean. Herri ekimenak azaldu duenez, adierazpen horietan, hainbat “zakarkerien” ondoren, “Viva el estado de Israel” esanez bukatu zuen. “Orain arte bere jarrera ultraeskuindarrengatik zen ezaguna, baina gainera sionista eta estatu genozida baten konplizea ere bada”, nabarmendu du Donostia Palestina ekimenak.
Mezu hau Andres Calamarori helarazi diote, “berak goraipatzen duen Israelgo estatuarekiko eta mespretxatzen duen Palestinako herriarekiko donostiar gehienen eta haiek ordezkatzen dituen udalaren jarrerari buruzko informazioa” izan dezan.
Herri ekimenak mezuan nabarmendu du Donostiako hiritar gehienak “oso sentsibilizatuta” daudela, eta behin baino gehiagotan adierazi diotela elkartasuna palestinar herriari, “bereziki Gazakoei”, eta Israel horren aurka egiten ari den genozidioaren aurka agertu direla hainbat mobilizazio handi eta ekimenen bitartez.
Herritarrez gain, Donostiako Udalak gai horri buruzko adierazpen instituzional bat onartu zuen 2024ko apirilean, Andres Calamaroren adierazpenak baino aste batzuk lehenago. Bertan, aho batez onartu zen, EAJ, EH BILDU, PSE, Elkarrekin Donostia eta PPren babesarekin, honako puntu hau:
“3. Donostiako Udalak Palestinari eta hango herriari erabateko elkartasuna eta estimua adierazten die. Bizien galera deitoratzen du, eta atsekabe sakona agertzen du, biktimengatik eta herritarren alferrikako sufrimenduarengatik”.
Udalak, gainera, gehiengoz honako puntu hauek onartu zituen:
“1. Donostiako Udalak irmotasun osoz arbuiatzen ditu Israelgo Estatuak Gazako zerrendan zein Palestinako beste lurraldeetan egiten ari den ekintza militarrak, nazioarteko zuzenbidearen urraketa larria dakartenak. Justifikaziorik gabeko erasoa da, eta herrialdearen segurtasuna eta egonkortasuna ahultzen ditu”.
“2. Donostiako Udalak erasoak berehala gelditzeko eskatzen du, eta Israelgo armada Palestinatik erabat erretiratzeko. Palestinaren subiranotasunerako eskubide osoa eta lurralde-osotasuna erabat babesten eta errespetatzen ditu.
(…)”
“9. Donostiako Udalak konpromisoa hartzen du israeldar enpresa, elkarte edo eragileekin harreman komertzial eta instituzional guztiak bertan behera uzteko, presio neurri bezala, Israelgo Estatuak Gazako zerrendaren zein Palestinako beste eremuen aurkako erasoak bertan behera utzi ditzan, okupazioa amaitu dezan, apartheid sistema eraitsi dezan, eta errefuxiatu palestinarren itzulera eskubidea berma dezan”.
Are gehiago, joan den ekainaren 1ean protesta ekitaldi bat egin zen udaletxearen aurrean, udaleko alderdi politiko guztien babesarekin, PPrena izan ezik.
“Izan ere, Gazako genozidioa jada ez da hiri honekin zerikusi zuzena ez duen zerbait, telebistan edo sare sozialetan bakarrik ikusten duguna. Gure hirian, Gazako hiru familia bizi dira, larrialdi-programa batean etorri zirenak, okupazio Israeldarrak bonbardatu ondoren zauritutako haien seme-alabek kirurgia jaso ahal izan zezaten. Eta beste familia bat iritsi berri da semea minbiziagatik artatua izan dadin, Israelgo estatuak Gazan gaixotasun hori sendatu zezaketen ospitale guztiak bonbardatu eta deuseztu bait ditu. Haur horiek gure hiriko eskola eta ikastoletara joaten dira, gure artean bizi dira traumatik eta zaurietatik errekuperatu nahian”, adierazi diote Calamarori mezuan.
Horretaz gain, Gazako Sol Band taldeko musikariak gure lurraldera iritsi berri direla ere jakinarazi diote, eta “nazioarteko babesa” eskatu dutela. “Israelgo estatuko armadak bere musika-zuzendaria hil zuen egunero zibilen aurka egiten dituen bonbardaketetako batean”, nabarmendu dute mezuan: “Guztiak, familiak eta musikariak, hilabeteak eman zituzten genozidiopean: bonbardaketak eta desplazamendu behartuak, gosetea, anestesiarik gabeko ebakuntzak eta anputazioak, egarria, beldurra eta babesgabetasuna jasanez eta munduak Israelek zigorgabe egiten zuenaren aurrean erreakzionatzen ez zuela ikusiz”.
“Mina eta sufrimendua areagotzea”
Calamarori adierazi diote “Viva el estado de Israel” esatean, Donostian errefuxiatu gisa dauden horien “mina eta sufrimendua areagotzen” dela. “Hiri honen gehiengoaren sentimenduaren aurka egiteaz gain, nazioarteko legedia errespetatzen ez duen eta NBEren ebazpenak betetzen ez dituen estatu baten konplize, laguntzaile eta defendatzaile zuzena bilakatzen da; mundu guztiaren aurrean genozidio bat zuzenean gauzatzen ari den estatua, kazetariak, medikuak, kooperanteak, irakasleak, etab. eta milaka eta milaka zibil, horien artean gehienak emakumeak eta haurrak erailez; orain gosez akabatzen ditu estatu horrek eta bertako agintariak, Netanyahu buru dutenak, Nazioarteko Zigor Gortearen atxilotze agindupean daude, gerra krimenak eta gizateriaren aurkako krimenak leporatuta; zehazki, leporatzen zaizkien krimenak zibilen gosea gerra metodo gisa erabiltzea, nahita sufrimendu handiak edo kalte larriak eragitea osotasun fisikoari edo osasunari eta tratu krudela, eta herritar zibilen aurkako erasoak bideratzea nahita; populazio palestinarraren garbiketa etnikoa egiten duen eta populazio palestinarraren gainean apartheid politika gauzatzen duen estatua. Nazio Batuek esaten dute, ez guk”, nabarmendu dute mezuan.
Horrela, uztailaren 2rako programatuta duen kontzertua bertan behera uzteko eskatu diote Calamarori. Gainera, kontzertua egiteko erabakiarekin jarraituz gero, horren sustatzailea den Get In enpresari eta berau jasoko duen Kursaal Fundazioari publikoki eskatu diote bertan behera utzi dezatela eta dirua itzul diezaietela sarrerak erosi dituztenei, “Andres Calamaroren hitzak jakin gabe gehienak”.
Donostia Palestina herri ekimenak uste du Calamaro kontzertua eskaintzera etortzeak “probokazio argia” suposatuko lukeela Donostiako herritarren gehiengoak duen palestinarrekiko elkartasun eta Israelgo estatua gauzatzen ari den genozidioaren aurkako jarrerarekiko.
Etorriko balitz, Donostia Palestina herri ekimenetik kontzertuaren egunean, uztailak 2an, Kursaalaren aurrean 20:30ean elkartzeko deia egin dute, “hainbat talde eta kolektibo antisionista eta Palestinarekin elkartasunezkoak” deituriko elkarretaratzea egiteko.