Gizon bat hil da, patinete elektriko batekin Altzan izandako istripuaren ondorioz

55 urteko gizon bat hil da Donostian, larunbat gauean patinete elektriko batean izandako istripu larriaren ondorioz. Altzako Lauaizeta kalean gertatu zen ezbeharra, gizona, Intxaurrondo bizilaguna, etxera zihoanean. Haren senideek hainbat hedabidetan salatu dutenez, patinetearekin kale horretako estolda baten gainetik pasatzerakoan, ibilgailuaren kontrola galdu zuen, estoldaren inguruko zoladuraren egoera txarrarengatik.
Larunbat gauean izan zen istripua eta igande goizean zendu zen gizona. Ezbeharraren lekura joan ziren Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren hainbat patruila eta Osakidetzako bi anbulantzia, gizona ospitalera eramateko. Ordea, istripuak eragindako zauri larrien ondorioz, ospitalean hil zen handik ordu batzuetara.