Olatz Santanak ez du Realean jarraituko

Olatz Santana atezain hernaniarrak ez du Realean jokatuko 2025-2026ko denboraldian. Hala jakinarazi du klub txuri-urdinak, baita azaldu ere klubak eta jokalariak berak adostutako erabakia izan dela.
Santana bigarren taldeko jokalaria izan zen 2022ra arte, urte horretan eman baitzuen saltoa lehenengo taldera. Bertan aritu da ordutik, ligan, kopan, Europako Txapeldunen Ligan eta beste txapelketa batzuetan kolore txuri-urdinak defendatuz. “Klubetik eskerrak eman nahi dizkiogu urte hauetan guztietan egindako lanagatik eta erakutsitako profesionaltasun eta konpromisoagatik. Aldi berean, klubak onena opa dio bere etorkizuneko erronka pertsonal nahiz profesionaletan”, adierazi du Realak.
Reala B eta C
Beste erabaki batzuk ere iragarri ditu Realak, hala nola, gizonezkoen bigarren taldeko atzelari Peru Rodriguezen kontratua beste denboraldi baterako berritzearena. Horrela, 2025-2026ko denboraldian ere elastiko txuri-urdina jantziko du Rodriguezek.
Aldiz, bigarren eta hirugarren taldeko jokalari hauen bajak iragarri ditu klubak: Reala B-ko Manex Gibelalde eta Eder Garcia eta Real C-ko Pablo Zubizarreta, Hodei Rodriguez, Pablo Arenzana, Martin Arruti, Aimar Olarra, Alain Velarde, Hugo Martin eta Cristian Canales. Bestalde, Real C-ko Oscar Fernandez entrenatzaileak eta Mikel Saizar atezainen entrenatzaileak ere kluba utziko dute.