Urgulleko Natur Txokoa irekita egongo da uda osoan

Urgulleko Natur Txoko natur gelak uztailaren 1ean irekiko ditu ateak eta asteko egun guztietan egongo da zabalik abuztuaren 31ra arte. Familientzako aisialdi hezitzailerako doako proposamena da, eta ikasgelaren barruan dauden materialez eta jolasez gozatu ahal izango dute, bai eta inguruko naturguneetan aire zabalean egiten diren jarduerez ere. Honako ordutegia izango du: 11:00-14: 00 eta 16:00-19: 00.
Iñigo Garcia Villanueva Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotziaren hitzetan, “Natur Txokoa udako entretenimendu proposamen bat baino askoz gehiago da. Udako hilabeteetan familien kontziliazioa errazteko tresna bat da, eta, aldi berean, gure hiriko espazio naturalak komunitatean ezagutzera gonbidatzen ditu, askotan ezezagunak direnak baita donostiar askorentzat ere”.
Gelaren barruan dagoen materialaz gain, Gobernadorearen Bateriaren parkean hainbat “txoko” egongo dira hamakekin, liburuekin, mahaiekin eta objektu natural edo birziklatuekin, horiekin askatasunez jolastu edo atseden hartzeko, birziklapena, jasangarritasuna eta ingurumenarekiko errespetua bezalako balioak sustatuz. Hain zuzen ere, hainbat txoko sortuko dira Natur Txokoa doan eta irekita dagoen edozein ordutan jolastu edo jarduerak egin ahal izateko.
Jarduera bereziak, astearte eta asteazkenetan
Udako egun guztietan gozatu ahal izango diren jolas eta denborapasez gain, Cristina Enea Fundazioak jarduera ludiko berezien egitarau zabala eta askotarikoa antolatu du astearte eta asteazkenetan, 17:00etan.
Aurtengo programazioak mota guztietako jarduerak biltzen ditu, horietako batzuk berritzaileak eta beste batzuk iaztik errepikatuko direnak, Urgull mendiarekin lotuta ingurumenaren ingurukoak baitira, hala nola ‘Urgulleko maitagarriak’, ‘Urgulleko koloreak’, ‘Urgulleko detektibeak’, ‘Maren, Urgulleko zaindaria’ eta ‘Sebastiani sugandila eta bere narrasti koadrila’.
Kolore eta usainekin jolasten duten jarduerak ere izango dira: “Urgulleko koloreak” edo “Urgull zentzu handiz” zentzuetan zentratuko dira: naturan kolore ezberdinek zer esan nahi duten, engainu optikoak… Intsektuen gaineko jarduera ahaztu gabe”.