Auzolanari tiraka, Flamenka guneko kontzertuak iragarri dituzte

Donostiako Piraten Aste Nagusia abuztuaren 9tik 16ra izango da, eta kontzertuen berri eman dute, aurtengo leloarekin bat eginez: Auzolanari tiraka!
Egunez egunekoa argitu ez badute ere, hauek dira Flamenka gunean zuzenean ariko diren taldeak eta bakarlariak: Merina Gris, Olatz Salvador, Izaki Gardenak, Marte Lasarte, La Txama, Lukiek, Sukena, Indabe, Bengo, Añube, Labar, Goxua’n’Salsa, Euskoprincess eta Orekka erromeria.
Estilo desberdinak uztartu nahi izan dituzte Piratek eta pop, elektronika, salsa, rocka eta musika urbanoa entzun ahal izango dira. Eta, lehen aldiz, corrido tumbadoa entzungo da La Flamenkan, La Txamaren eskutik.
Talde donostiarren presentzia bermatzean inoiz baino ahalegin handiagoa egin dutela dirudi, hirikoak baitira Merina Gris, Olatz Salvador, Marte Lasarte, La Txama, Indabe eta Labar. Hau da, hamalau taldetik sei. Halaber, euskararen presentzia inoiz baino nabarmenagoa izango da, hamalautik hamaikak euskara hutsez abesten baitute, eta beste hiruek euskara eta gaztelera uztartuz. Taldekideen generoari dagokionean, gizonezkoen presentzia ohikoan bezain nabarmena den arren, hiru izango dira soilik gizonez osatutako taldeak. Beste urteekin alderatuta baino puskaz gutxiago.