Dbusen 28. linea Easora itzuliko da abuztuan

Dbusen 28. linea, Amara-Ospitaleak, abuztuan itzuliko da Easo kalera, udalak jakinarazi duenez. Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziak onartu du 28. linearen ibilbidea aldatu egin dela Euskal Trenbide Sareak inguru horretan egin dituen obren ondorioz, eta horrek bidaiarien kopurua nabarmen murriztea eragin duela. Horregatik, aurreko ibilbidea berreskuratuko dute, baina “Xabier Zubiri plaza ireki arte” itxaron beharko da, eta hori ez da gertatuko abuztuaren erdialdera arte, gutxi gorabehera.
Joan den asteko plenoan egin zituen adierazpenok Yarzak, PPk aurkeztutako mozio bati erantzunez. Mozio horretan eskatzen zen linea horrek Easo kaletik egiten zuen ibilbidea eta geralekuak berrezartzeko, Amarako bizilagunentzat ez ezik, ospitaletik itzultzen diren edo Miramongo parke teknologikoan lan egiten duten pertsonentzat ere duen garrantziagatik.
28. linea aipatzen zuen PPren mozioaren puntua aho batez onartu zuten, ez ordea bigarren puntua, Jaurlaritzari “Martuteneko bizilagunen iritzia kontuan hartzeko” eskatzen ziona, 26. linearen ibilbidea Easotik berrezartzeko. Puntu horrek ez zuen aurrera egin EAJren eta PSEren babes faltagatik.
Horri dagokionez, Mugikortasuneko zinegotziak adierazi zuen bere saila zerbitzu hori berreskuratzea baloratzen ari dela, ez soilik 26. linean, baita 21. linean ere. Une honetan, 21. eta 26. lineak Eason berriro ibiliko diren aztertzen ari direla jakinarazi zuen. “Sare osorako irtenbiderik onena zein den aztertu behar dugu”, nabarmendu zuen zinegotziak.