Esklerosi anizkoitza dutenen alde bustiko dira igandean

ADEMGIk 28. aldiz Busti Zaitez jarduera solidarioa aurrera eramango du igandean, besteak beste, Kontxan, Ondarretan eta Zurriolan. Ekitaldi nagusia Kontxako erlojuetan gauzatuko dute, bertan, hiritarrak, boluntarioak eta lurraldeko jende ezaguna batu eta elkarrekin bustiko dira.
Ekimen sinboliko gisa, aurten, Toño Ramiro igerilariak Getaria eta Kontxa arteko 19 kilometroak egingo ditu igerian, Paqui Castro amaren omenez. 1960ko hamarkadan, Castro Asturiaseko igeriketa txapelduna eta Espainiako Txapelketako finalista izan zen; 1993an esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten. Hareatzean jarriko duten arkua zeharkatuko du Ramirok bere taldearekin batera, eta gaitza pairatzen duten guztiei aitortza izatea nahi dute.
Horrez gain, informazio eta merchandising materiala saltzeko mahaiak jarriko dituzte hiriko hondartzetan. Izan ere, bainua hartzeaz gain, materiala erosi, dohaintza egin edota boluntario izanez ere lagun baitaiteke.
Esklerosi anizkoitza gaixotasun neurologiko kronikoa da, 20-40 urte artean diagnostikatu ohi dena. Emakumezkoei eragiten die bereziki eta auto istripuen atzetik, gazteen artean desgaitasuna eragiten duen bigarren arrazoia da. Gipuzkoan, 750 pertsonari eragiten die, EAE, 2.700ri.