ETAren hiru biktimaren omenezko plakak jarriko ditu udalak Loiolan
Gines Pujante, Juan Bautista Peralta eta Miguel Orenesen omenezko plakak jarriko dituzte, Loiolako kuartelen aurrean. ETAk 1979an hil zituen.

Donostiako Udalak motibazio politikoko indarkeriaren ondorioz hildako beste hiru pertsonaren omenezko plakak jarriko ditu asteburu honetan: ETAk 1979ko apirilaren 7an hildako Gines Pujante Garcia, Juan Bautista Peralta Montoya eta Miguel Orenes Guillamont Espainiako Poliziako kideen omenezkoak.
Larunbatean izango da plakak jartzeko ekitaldia (hilak 5), 12:00etan, Loiolako zeharbidearen eta Aralarko Mendilerroa kalearen arteko elkarguneko plazan, Loiolako kuartelen aurrean. “Beste batzuetan izan den moduan, omenaldi xume bat izango da, eta bertan parte hartuko dute Eneko Goia Donostiako alkateak, udaleko taldeetako ordezkariek eta biktimen senideek”, azaldu du udalak.
Hiru poliziak murtziarrak (Espainia) eta Murtziako Espainiako Poliziaren erreserba konpainia orokorreko kide ziren, eta Loiolako kuarteletara lekualdatu zituzten, ETAren aurkako borrokarako errefortzu gisa. 1979ko apirilaren 6an iritsi ziren Donostiara eta hurrengo egunean hil zituen ETAk, kuarteletara kalez jantzita sartzen ari zirenean hainbat etakidek ibilgailu batetik metrailatuta. Horren ondorioz, hiru polizietako bi berehala hil ziren, eta hirugarrena bizirik heldu zen Ospitale Militarrera, baina ospitaleratu eta gutxira zendu zen.
Pujante Espainiako Poliziako sarjentua zen, 41 urte zituen eta bi seme-alaba; Bautista kaboa zen, 30 urte zituen eta hiru seme-alaba eta, Orenes kaboa zen, 29 urte zituen eta seme bat.
35 plaka
Hiru horiekin, 35 izango dira dagoeneko udalak “hirian hil ziren terrorismoaren eta motibazio politikoko indarkeriaren biktimen memoria eta ikusgarritasuna espazio publikoan berreskuratzeko” egitasmoaren barruan Donostian jarritako plakak.
Duela bi legealdi jarri zuten martxan egitasmoa, eta, orain arte, 32 izan dira jarri dituzten plakak. Horietako 25 ETAren biktimen omenezkoak dira, hiru Komando Autonomo Kapitalisten biktimen omenezkoak —Enrique Cuesta, Antonio Gomez eta Juan Manuel Garcia Cordero—, bat DRILen biktima Begoña Urroz Ibarrolaren, bat Batallon Vasco Españolen (BVE) biktima Maria Jose Bravo del Valleren omenezkoa eta bi Poliziaren ekinbidearen biktimen omenezkoak —Joseba Barandiaran Urkola eta Mikel Zabalza Garate—.
Plaka ofiziala duten ETAren 25 biktimak hauek dira: Juan Maria Araluce, Jose Maria Elicegui Diez, Antonio Palomo Perez, Luis Francisco Sanz Flores, Alfredo Garcia Gonzalez, Gregorio Ordoñez Fenollar, Francisco Martin Gonzalez, Fernando Mugica Herzog, Rafael Garrido Gil, Daniela Velasco Dominguez de Vidaurreta, Daniel Garrido Velasco, Miguel Paredes, Elena Moreno, Eugenio Olaciregui Borda, Francisco Javier Gomez Elosegi, Jose Angel Santos, Josu Leonet, Juan de Dios Doval Mateos, Miguel Angel Iñigo Blanco, Juan Antonio Marcos Gonzalez, Manuel Orcera de la Cruz, Antonio Pastor, Moises Cordero, Lorenzo Motos Rodriguez eta Santiago Oleaga Elejabarrieta. Larunbat honetako hirurekin, 28 izango dira Donostiako kaleetan plaka izango duten ETAren biktimak.