Gizon bat atxilotu dute Donostian, emakume bat bortxatzea eta kolpatzea leporatuta

Donostiako Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen igande goizean, emakume bat bortxatzea eta kolpatzea leporatuta, Donostiako Udaleko iturriek jakinarazi dutenez. Eraso matxista Aieteko asentatze batean gertatu zela azaldu du udalak: “Lehen zantzuen arabera, emakumeak gizona asentatzera lagundu zuen larunbat gauean, eta, ustez, bertan gertatu ziren aipatutako bi delituak”.
Udaltzaingoak atxilotua epailearengana eraman zuen astelehen goizean, komisarian beharrezko izapideak egin ostean. Epaileak gizona espetxeratzeko agindua eman du.
Erakunde adierazpena
Gertakariaren aurrean, halakoetan egin ohi duten moduan, udaleko talde guztiek erakunde adierazpena onartu dute, udalaren “gaitzespen sutsuena” adierazteko. Erasoa pairatu zuen emakumeari eta haren gertukoei “elkartasuna” helarazi diete: Horretarako, behar dituen informazioa eta udal baliabideak jarriko ditu haren osatze eta erreparazio prozesuan laguntzeko”. Ildo horretatik, udalak Indarkeria Matxistari Erantzuteko Protokoloa aktibatu du, “premiazko bilera bat deituz informazio guztia biltzeko eta erakundeen erantzuna eta biktimari eta haren inguruneari eman beharreko arreta koordinatzeko”.
“Horrelako erasoak gure gizartean dagoen indarkeria matxistaren eta genero desberdintasunaren adierazpenak dira. Gertatutakoak agerian uzten du, beste behin ere, beharrezkoa dela eragile sozialekin, feministekin eta, oro har, herritarrekin batera lan egiten jarraitzea, gizonen eta emakumeen berdintasunaren alde”, gaineratu du udalak adierazpenean. Era berean, “konpromisoa” hartu du “neurriak bultzatzen jarraitzeko, biktimek arreta azkarra, koordinatua eta eraginkorra jaso dezaten, eta, aldi berean, prebentzio jarduerak indartu daitezen eta erasotzaileen zigorgabetasuna onartu ez dadin”.
Horrela, erasoa salatzeko elkarretaratzera deitu du udalak biharko (hilak 2), 12:00etan, Alderdi Ederren. Era berean, bat egin du erasoaren harira hirian egin daitezkeen gaitzespen deialdiekin.