Kirol eremuan indarkeria matxistari aurre egiteko protokolo bat egin dute Ekialde Barrutian

Ekialdeko Barrutiko Berdintasun Lantaldeak kirol eremuan indarkeria matxista saihesteko proiektu bat jarri du abian. Amets Castrejana kirol aholkulariaren eta berdintasun espezialistaren laguntzaz eta Altza, Intxaurrondo eta Bidebietako kirol klubekin elkarlanean jarri dute martxan proiektua.
Proiektuaren helburuak honako hauek dira: Indarkeria matxistaren aurrean kirol klubei tresnak eskaintzea, kirol klubak berdintasuna sustatzen duten eta indarkeria matxistak prebenitzen dituzten eragileak izatea eta sentsibilizazioa eta kontzientziazioa eskaintzea, gazteak askatasunean eta errespetuan oinarritutako eta indarkeriarik gabeko harremanetan heztea.
Helburu horiek lortzeko, Berdintasun sailak lan egin du Altza, Intxaurrondo eta Bidebietako zazpi kirol klubekin iaz eta aurten. Hiru lerro hauek landu ditu klub bakoitzak bere errealitate eta erritmora egokituz: Indarkeriaren kontrako protokoloen errealizazioan eta eguneraketan aholkularitza pertsonalizatua eman, formakuntza eta sentsibilizazio ekimenak eskaini eta gai honekiko kluben konpromisoen zabalkuntzan lagundu.
Lanketatik ateratako emaitzak
Lanketa horietatik honako emaitzak atera dituzte:
1) Bost klubek jaso dute aholkularitza pertsonalizatua indarkeriaren aurkako protokoloa egiteko edo eguneratzeko genero ikuspegia kontuan hartuta.
Adingabeekin harremana duten kirol klub guztiek, legez, adingabeak babesteko protokoloa izan behar dute, eta horri buruzko ikastaro bat egin behar dute. Baina berdintasun plan bat izatea ez da derrigorrezkoa kirol elkarteentzat.
Berdintasun Sailetik eskainitako aholkularitza aukera ematen die klubei adingabeen protokoloa eta berdintasunekoa ibilbide orri bakar batean jasotzeko. Horrela, klubek legez eskatzen den protokoloan sartzen dituzte genero ikuspegia eta indarkeria matxistaren aurkako babesa, eta irismena zabaltzen diete helduei.
Zehazki, bost klubek jaso dute protokoloa egiteko edo eguneratzeko aholkularitza. Horietako bik, Donostia Waterpolok eta Donosti Gimnasia Erritmiko Kluba, protokoloak egin eta abian jarri dituzte. Beste hiru klubek, Intxaurdi (emakumezko futbola), Inter Intxaurrondo (saski, futbol, tenis eta padel), eta Ipar Titanak (Boleibola), jada bazuten legeak eskatzen duen protokoloa. Orain eguneratzen ari dira generoko ikuspegia ere sartzeko.
2) Zazpi kirol klubetako 114 pertsonek parte hartu dute formakuntza eta sentsibilizazio ekimenetan (kirol-teknikari, zuzendari eta jokalari).
Protokoloa eraginkorra izan dadin, ezinbestekoa da klubetan parte hartzen duten arduradunak eta kirolariak sentsibilizatzea eta prestatzea. Beharrezkoa da indarkeriak zein diren ondo jakitea, aurreikusteko, detektatzeko eta horien aurrean erantzuteko. Guztira, 114 pertsona prestatu dira: kirol teknikariak, zuzendaritzako kideak eta jokalariak.
Era berean, gazteen sentsibilizazio lanaren barruan, Altza eta Bideberriko institutuetako 13 eta 14 urte bitarteko 120 ikaslek berdintasunari eta indarkeriaren prebentzioari buruzko prestakuntza jaso dute gorputz heziketa klaseetan.
3) Protokoloak bere helburua bete dezan, beharrezkoa da, halaber, klubek hartutako konpromisoak beren jardueretan parte hartzen duten pertsona guztiei helaraztea. Horrela, guztiek jakin dezakete zein urrats eman behar diren indarkeria detektatzeko, salatzeko, jarduteko eta prebenitzeko.
Donostia Waterpolok eta Donosti Gimnasia Erritmiko Klubak jada egin dituzte zabalkunde ekimenak eta Intxaurdi, Inter Intxaurrondo eta Ipar Titanak irailetik aurrera egingo dituzte.
Castrejanak azaldu duenez, “lan horrek guztiak aukera ematen du klubek kontzientzia handiagoa izan dezaten indarkeria matxistaren eta berdintasunaren inguruan, klubetan praktika edo barne arau berriak sartzeko protokoloen eta jarduera kodeen bidez, eta babes arduradunak, salaketa kanalak eta jarduera kodeak sortzeko”.