Anton Legorburu errugbilari donostiarrak zilarrezko domina irabazi du Europako Txapelketan

Anton Legorburuk zilarrezko domina eskuratu du bi serietan jokatutako Europako Errugbi Txapelketan. Lehen seriea Makarskan (Kroazia) jokatu zuten, eta bigarrena pasa den igandean Hanburgon (Alemania). Basque Teameko donostiarrak ezin izan zuen lehenengoan parte hartu min hartuta zegoelako. Bigarrenean, ordea, bai, eta Alemaniako seriean brontzea eta sailkapen nagusian zilarrezko domina eskuratu zituen.
Espainiako selekzioak Hanburgon jokatutako modalitate olinpikoko Europako Txapelketako bigarren eta azken serieetako lehen jardunaldiko partida guztiak irabazi zituen. B multzoan kokatuta, Suedia gainditu zuten 56-0, eta 42-26 irabazi zioten Txekiar Errepublikari. Multzoen fasea garaipenekin bukatu zuten Alemania onari 26-12 irabazita. Final-laurdenetarako sailkatu ziren euren multzoko talde onena izanik.
Bitxia bada ere, azken faseko koadroa osatzean, hiru multzoetako puntuen eta oharren zenbaketa orokorra kontuan hartuta, Espainiak Alemaniarekin egin zuen topo berriro final-laurdenetako partidan. Legorbururen taldeak berriro buelta eman behar izan zion neurketari baina azkenean 14-12 nagusitu zen, finalerdietarako txartela poltsikoratuz eta titulua irabazteko aukerei eutsiz.
Finalerdietan, ordea, taldea ez zen neurketa kontrolatzeko gai izan eta Italiak 12-21 irabazi zien. Dena dela, zilarra ziurtatuta zuten sailkapen nagusian, Makarskan, Europako Txapelketako lehen seriean, lortutako zilarrari esker. Pasa den igandean jokatu zuten hirugarren posturako partida, Hanburgon, eta brontzea irabazi zuten Britainia Handia 31-12 mendean hartuta.
Denboraldi bikaina
Legorburuk denboraldi bikaina darama, Espainiako selekzioaren funtsezko jokalarietako bat izan delako mundu mailako serieetan. Los Angeleseko (AEB) final handian munduko txapelketako zilarra eskuratu zuen, eta orain Europako Txapelketan jantzi du domina bera.